INFO

Sailkapeneko atzealdetik ihes egin nahian Zierbena eta Idiazabalgo jaialdietan

Ostiralean Urrutikoetxeak eta Imazek Ezkurdia eta Galarza izango dituzte aurkari; seigarrenak bosgarrenen aurka, alegia. Astelehenean Idiazabalen, berriz, Bengoetxea VI. eta Arangurenek sailkapen nagusiko bigarren postuan doazen Altuna eta Mariezakurrenari, gauzak zail ipintzen ahaleginduko dira.

«Berea» emanez gero, irabazteko aukerekin izango omen dira Urrutikoetxea eta Imaz ostiralean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Binakako Pilota Txapelketaren lehen faseko ligaxkako aurreneko itzulia amaituko da asteburu honetan. Oraindik zer jokatu asko egongo bada ere, sailkapen nagusian irauliak eta ezustekoak izateko sekula ez da berandu. Batez ere seigarren postuagatik borrokan dabiltzan bikoteak jokoan sartzen diren partida horietan. Asteazken honetan Zierbenan eta Idiazabalen izan diren pilota aukeraketetan horixe izan dute hizpide protagonistek pilotak baino gehiago.

Zierbenan, esaterako, ostiral gauean, 22.15etatik aurrera, jokatuko dute Urrutikoetxea eta Imazek Ezkurdia eta Ladis Galarzaren aurka. Baiko enpresako bikotea, bi garaipenekin, seigarren postuan dago sailkapen nagusian; hots, kanporatuta ez geratzeko mugan. Ezkurdia eta Galarza ere ez daude sobera handiegiarekin, garaipen bat gehiago baitute, bosgarren postuan.

«Aurkari zuzenen kontrako partida garrantzitsu bat jokatu behar dugu», adierazi du aukeraketaren ostean Mikel Urrutikoetxea aurrelariak. Zaratamoko pilotariak onartu du «partida oso konplikatua izango dela» ostiralekoa. Hargatik, «hirugarren puntu hori lortzeko aukerarik izateko geure mailarik ematen saiatu behar dugu», ebatzi du.

Idiazabalen, astelehen gauean –22.30etan hasiko den jaialdian– itxiko dute zazpigarren jardunaldia Bengoetxa VI.ak eta Arangurenek Altuna III. eta Mariezkurrena II.aren aurka. Bengoetxea eta Arangurenek, majo kostata, joan den astelehenean atera zuten beren aurreneko puntua, Jaka eta Martijaren aurka 21-22 irabazi ostean. Aspe enpresako bikotea, ordea, itxura oso ona eman ari da aurreneko itzuli honetan eta ondorioz, sailkapen nagusiko bigarren postuan doaz, sei partida jokatu ostean bost garaipen pilatuta.

Aitor Arangurenek ez du inoren aholkurik behar astelehenean Bengoetxea eta biek oso partida zaila izango dutela ulertzeko. «Jokinek –Altunak– eta Jonek –Marizkurrenak– bikote handia egiten dute eta oso zaila izango da irabaztea», adierazi du pilotak hautatu ondoren. Alabaina, eta sailkapenean puntu bakarra pilatu arren, baikor mintzatu da Aginagako atzelaria. «Puntu bakarra daukagu, baina nik uste lan ona egiten ari gara. Azken baten, lanean segi beharra daukagu, Oso zaila izanagatik asteburuko partida, irabazten saiatuko gara», gaineratu du.