INFO

Euskal kultura lagunduz politikak egindako bidea aztertu du Eguzki Urteagak

Pandemiaren ondorioz kultura orokorrean eta euskal kultura zehazki bizitzen ari den garai zail honetan, Ipar Euskal Herrian azken hamarkadetan izan diren politika ezberdinak aztertu ditu Eguzki Urteagak argitaratu berri duen ‘La politique culturelle au Pays Basque’ liburuan.

Ikuskizun herrikoiek garrantzi handia dute Ipar Euskal Herriko kulturan. (GUILLAUME FAUVEAU)

«Liburuaren jatorrian covid-19aren pandemiak kulturaren eta politika kulturalaren gainean izan duen eragina dugu. Ipar Euskal Herrian zentratuta dago, baina horrek Euskal Herri osoa afektatzen du» adierazi du Eguzki Urteagak argitaratu berri duen ‘La politique culturelle au Pays Basque’ obrari buruz.

Iparraldeko hiru lurraldeetan euskal kulturaren inguruan egin den ibilbidearen errepasoa egiten du, baita berezitasunak agerian eman ere: «Ipar Euskal Herriko eta Frantziako kultura politikek badauzkate bi berezitasun Hego Euskal Herriarekin konparatuta. Historia luzeko politika publikoa badela, eta espektakulu intermiteen estatusa. Azken hau izateak artistak lagundu eta babestu ditu pandemia garai honetan, non itxialdiaren ondorioz emanaldi kultural anitz ezin izan diren egin».

Politika kulturalaren ibilbidean Euskal Kultur Erakundearen sorrera aipatzen du inflexio puntu gisara. «1990an ikusten dugu lehendabizi entidade bat non funtzioa den kultura politika sortzea, inplementatzea eta ebaluatzea, eta bestaldetik, lehen aldia da badagoela kultur politika bat euskal kultura, eta euskarazko kultura sustatzeko». Erakunde honen bitartez ematen den saretzeak garrantzi berezia izan zuela nabarmendu du idazleak, bertan elkartzen baitira instituzioak eta kultur sektoreko eragileak, izan elkarteak, artistak edo enpresak.

Gerora ere hartutako erabakiei begira Urteagak dio: «1990tik eta gaur arte, azken 30 urteetan diseinatu diren politika kultural horiek fruituak ematen dituzte. Ikusten da kontsumu kultualari dagokionez esparru ezberdinetan, bai eskaintza kulturalean, bai sektorearen dinamismoan. 2007an eta 2008an egin ziren inkestetan jadanik ikusi zen, baina hor nahiko nabaria gelditzen da».

Bretaña, Korsika, Okzitania…

«Bada dinamismo kulturala, bereziki deigarria dena euskal kulturaren eremuan, bereziki konparatzen badugu Bretaña, Alsazia edo Korsikarekin» azaldu du egileak. Estatu frantseseko beste hizkuntza gutxituetan egiten den eskaintza kulturalarekin konparatzen du euskarazko kulturaren egoera: «Renneseko Unibertsitatean urtero klaseak ematen ditut, eta bertako eragile kulturalekin hitz eginez, eta ikusiz bereziki bretoieraz produzitutako eskaitza kulturala badago diferentzia nabarmena, bai kontsumoari dagokionez, baita produkzioari dagokionez ere».

Eremu geografikoari eta instituzionalizazio mailari dagokionez, Ipar Euskal Herrian, txikiagoa bada ere, saretzeak duen garrantzia azpimarratu du. Eta bide horretan Euskal Elkargoak izan dezaken garrantzia aipatu du, 2017an sortu zen erakundea oraindik lehen urratsak ematen ari baita.

Instituzio mailan garrantzitsua da erakunde ezberdinen arteko elkarlana, kultura eskumena Estatua, Akitania Berria eskualdea, Pirineo Atlantikoetako departamentua, mankomunitateen eta udalen artean partekatzen baita. Euskal Elkargoak mankomunitateen tokia hartu baitu, orain erronka beste eragileekin eskumenak zehaztea, lankidetza finkatzea eta finantziazio mailanko elkarlana zehaztea da.

Liburu hau, erakunde berri honen ibilbidearekin gurutzatzen dela erran daiteke: «Garapen Kontseiluko zuzendaritzako eta bulegoko kidea naiz, eta hor enkargu bat eduki dugu Euskal Elkargotik erreflexio bat egiteko kulturaren inguruan. Liburu hau kontsideratu daiteke ekarpen bat bezala erreflexio horretan, eta helburua da ahalik eta publiko zabalenak irakur dezan».