INFO

Bera Bera, konfinatuta lehen taldearekin aritzen den gazte batek positibo eman ostean

Bera Bera talde osoa konfinatuta dago. Igandean Malagatik itzuli ostean jakin zuten lehen taldearekin entrenatzen duen gazte batek covid-19 proban positibo eman zuela. Hala, nahiz eta jokalari guztiek negatibo eman ostiraleko proban –Malagara bidaiatu ahal izateko– konfinatzea erabaki dute.

Bera Berako jokalariak Lanzarote Ciudad de Arreciferen arteko partidaren hasieran. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Astelehen honetatik hasita, berrogeialdia egingo du Bera Berako talde osoak. Nahiz eta ostiralean eginiko azken proban jokalari guztiek negatibo eman –Federazioaren protokolo berriarekin neurketa bakoitzaren aurretik beti egin beharko dute proba–, arriskua saihesteko konfinatu egingo dira.

Igandean Malagatik Euskal Herrira itzultzean –garaipen handia lortu zuen Andaluzian– jakin zuen klubak lehen taldearekin entrenatzen duen jubenil mailako jokalari batek covid-19 proban positibo eman zuela. Honek, asteazkenean egin zuen azken lan saioa Ohorezko Mailako taldearekin eta beraz, konfinatzeko erabakia hartu dute, Euskal Osasun Zerbitzuaren aholkuei jarraituz.

Hortaz, klubak adierazi duenez, covid 19a gainditu zuten hiru jokalariak izan ezik, gainontzekoek eta taldearekin entrenatzen ari den beste jubenilak coronavirusa antzematen duen testa egingo dute gaur. Emaitza dena dela, aste honetan berrogeialdia tokatzen zaie.

Ondorioz, Bera Berak Espainiako Federazioko Lehiaketa Batzordeari hurrengo bi partiden atzerapena eskaera egingo du: ostegunean Lanzarote Puerto del Carmen hartu behar zuen hamargarren jardunaldiari zegokion partida eta larunbatean Santanderren aritu behar zuena Uneatlántico Peredaren aurka.

Sara Gil eta María Prieto O’Mullony lesioak zirela eta, Imanol Álvarezek jubenilak igo zituen lan-saioetan parte hartzeko. Jokalari horiek lehen taldearekin baino ez zuten entrenatzen, jubenil eta seniorrekin jokatu gabe, alegia. Aste honetan deialdian sartu behar zituen.

Klub donostiarra Lanzarote Puerto del Carmen eta Uneatlático Pereda taldeekin harremanetan jarri da egoeraren berri emateko eta data berriak zehazteko. Rincón Fertilidad Malagari ere abisatu dio. Bestetik, prestatzaile fisikoak aste honetarako plan berezia prestatu du eta Imanol Álvarezek covid-19a gainditu zuten jokalariekin egingo du lan.