Oier Andueza durangarra aske geratu da, 20 urteko espetxealdia beteta
Oier Andueza preso politiko durangarra aske geratu da, hogei urteko espetxealdia bete ostean. Basauriko kartzelatik atera da gaur goizean. Motxiladun bi ume gutxiago izango dira gaurtik.
Oier Andueza Antxia Durangoko presoa aske dago. Etxerat elkarteak berri eman duenez, Basauriko kartzelatik atera da gaur goizean, hogei urteko espetxealdia atzean utzita.
Durangarra 2001. urteko otsailean atxilotu zuen Polizia espainiarrak Bilbon, ETAko kide izatea leporatuta. Espetxeratu egin zuten eta ordutik hainbat presondegitan izan dute gatibu: Teixeiro, Caceres, Soto, Murtzia... Azken honetan zegoela, 2014an, funtzionarioek eraso egin zioten, Etxeratek bere garaian berri eman zuenez.
Iazko azaroaren bukaeran Murtzia II kartzelatik Basaurira gerturatu zuten Andueza, eta handik berreskuratu du askatasuna gaur goizean.
Preso ohi bizkaitarrak adin txikiko bi seme-alaba ditu, gaurtik aurrera, beraz, motxiladun bi ume gutxiago izango dira. Bere alaba Hizeri eta beste motxiladun haur bati, Xochitl Karasatorreri, elkarrizketa egin zien NAIZek abenduan.
Espetxean egon den bitartean margotzeko zaletasuna garatu du durangarrak eta hainbat erakusketa egin ditu bai bere jaioterrian baita beste toki batzuetan ere.
Kaleratzea Basauriko espetxean gertatu denez, lagun asko hurbildu dira bertara, Oier Anduezari ongi etorria emateko, argazki jendetsua eta alaia osatuz. Une honetan, iazko udatik aurrera Estutu espainolean gertatzen ari diren lekualdatzeak direla medio, 25 preso daude Euskal Herrian (horietatik zazpi etxean, espetxealdi arinduan). Lehen baino askoz gehiago dira, baina hala ere Kolektiboaren %15era ere ez da heltzen.