INFO

Azpeitiko 400 familia inguruk autokontsumorako energia sortuko dute

Eredu publiko komunitario baten bidez, kooperatiba berri honek plaka fotovoltaikoak jarriko ditu Azpeitiko 400 familia ingururen energia beharrei erantzuteko. Ekimen honekin «egungo energia ikuskera aldatzen lagunduko da, gizartean autokudeaketaren errealitatea sartzeko», azaldu dute.

Ekiola energia sortzeko elkartearen baitan sortuko den kooperatiba aurkeztu dute. (@AzpeitikoUdala)

Azpeitiko 400 familia inguruk autokontsumorako energia ekoiztuko dute, Ekiola energia sortzeko elkartearen baitan sortuko den kooperatiba baten bidez. Eredu publiko komunitario baten bidez, plaka fotovoltaikoak jarriko dira herriko 400 familia ingururen energia beharrei erantzuteko.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiak eta Asier Etxabe Krean P&S erakundeko zuzendariak proiektu «aitzindaria» aurkeztu dute.

Azaldu dutenez, Ekiolak izaera kooperatiboa duten komunitate energetikoak eratuko ditu eta lehenengoa Azpeitian sortuko dute. Kooperatibistak sortzen duten energiaren jabe izango dira. Hori, adierazi dutenez, Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Korporazioaren barruan integratutako Krean ingeniaritza sustatzailearen eta Azpeitiko Udalaren lankidetzari esker izango da posible.

Azpeitiko kooperatiba Udalaren eta beste erakunde batzuen artean sortuko da eta, bigarren urrats batean, kooperatibisten parte-hartzea sustatuko da. «Proiektuaren amaieran, kooperatibaren gehiengoa azpeitiarrena izango da», azpimarratu du Alkortak.

Ansolak azpimarratu duenez, ekimen honekin «egungo energia ikuskera aldatzen lagunduko da, gizartean autokudeaketaren errealitatea sartzeko, betiere proiektuarekin bat egiten duten pertsona eta erakundeen energia beharrei erantzunez».

Azpeitiko Udalak urtebete inguru darama proiektu honetan lanean. Datozen hilabeteetan kooperatiba eratuko da, eta bazkideak sartu ahala, proiektuari buruzko erabakiak hartuko dira, lankidetzan eta parte-hartzearen bidez.