INFO

Gipuzkoa Basket eta Bilbao Basketen arteko derbia ez da final bat, aurreneko finala baino

Bost garaipenekin iritsiko da Acunsa GBC Illunbeko derbira, azken aurreko postuan, eta garaipen bat gutxiagorekin, azken, Bilbao Basket, Jonathan Rouselle galdu berritan. Miribillan urtarrilaren 2an ia ezustean irabazi zuen talde donostiarrak, baina zapatu gauera begira faboritoa bera da.

Jonathan Rouselle eta Jaime Echenique, Illunbeko derbian faltako diren bi izarrak. (A. ARRIZABALAGA / ACB PHOTO)

«Illunbeko derbia eta gero ere final gehiago jokatu beharko ditugu», bota du Alex Mumbru RETAbet Bilbao Basketeko entrenatzaileak ostiralero ematen duen partida bezperako prentsaurrekoan.

ACB Ligako azken postuan daude bilbotarrak, lau garaipen baino pilatu ez dituztela, azkena pasa den urtarrilaren 2an Acunsa Gipuzkoa Basketen aurka. Hain justu, zapatu iluntze honetan 20.45etan hasita, aurrez aurre Illunben zain izango duen taldearen aurka.

Orduko hartan Jonathan Rousellek nolabait saskiraturiko jaurtiketa libre batzuei esker irabazi zuen talde bizkaitarrak, 81-80, eta zorte ona ere aldeko izan zuen; izan ere, Gipuzkoa Basketek Jaime Echenique jokalari izarra galdu zuen partida hartan eta hala ere, derbi hura irabazteko hiru jaurtiketa izan zituen Marcelo Nicolaren taldeak.

Orduko hartan donostiarrek Bilbon irabaztea sorpresa latza zatekeen, baina larunbat iluntzean Bilbao Basketek Donostian irabaziko balu, ez litzateke askoz ezusteko txikiagoa izango. Azken bost partida galtzetik dator talde bilbotarra eta halakoren batean jokalari guztiak sendatu zirelakoan zeudela, orpazurdako arazo baten erruz, Jonathan Rouselle ez da Illunben izango.

Donostiarrak, berriz, esne mamitan daudenik ezin esan, nahiz eta azken lau neurketetatik hiru irabazi dituzten, tartean azken segundoan erabaki diren bi, Lenovo Tenerife eta Estudiantesen aurka. Oraindik jaitsiera postuan daude Marcelo Nicolarenak, baina gorantz egiteko itxura txarrik ez dute, Betis eta Estudiantesekin bosna garaipenetara berdinduta baitaude eta Fuenlabradak baino garaipen bakarra gutxiagorekin.

«Burutsu izan beharko dugu Bilbao Basketen aurka. Joko dinamikoa, lehiatua eta gogorra izango da eta azken aldian gorantz eraman gaituen jarrera berbera espero dut oraingoan ere», azpimarratu du Marcelo Nicola, Acunsa Gipuzkoa Basketeko entrenatzaileak.

Miribillan ikusi zenarekin alderatuta «beste partida bat» izango dela espero du entrenatzaile argentinarrak. Alex Mumbruk, berriz, nahiz eta Rouselle galdu, Quentin Serron belgiarra berreskuratzen du eta ondorioz, antolatzaile postuan laguntza emateko gertu ikusten du.

«Animoa goian eustea ezinbestekoa izango da, beraiek bolada bikainean daudelako», nabarmendu du Mumbruk. «Defentsan hobetu eta erasoan lasaiago jokatzea lortzen badugu, aukerak izango ditugu», gaineratu du Badalonako entrenatzaileak.