INFO

Sanchezen ilusioa eta Ducassouren ofizioa, urteko txapelik preziatuenaren bila

Esteribarreko atzelariak bere lehen finala jokatuko du bere onera itzuli eta bosgarren txapela nahi duen Itsasuarraren aurrean.

Peio Larralderi irabazita, konfiantza berreskuratu du Ducassouk. (Bob EDME)

Pilota munduan, urteko egunik handiena izan ohi da Buruz Buruko finalarena, baita trinketean ere. Osasun larrialdiak eraginda, oso berezia izango da aurtengo edizioa, ikuslerik ez baita izango Hazparneko Berria Trinketean igande eguerdi honetan. Baina bada beste berrikuntza handi bat ere, historian lehen aldiz, Hego Euskal Herriko pilotari batek, Esteribarreko Luis Sanchez nafarrak jantzi baitezake Bidasoaz iparralderako txapelik preziatuena. Parean, azken urteetako espezialistarik handiena izango du, azken sei urteetako finalak jokatuta lau txapela jantzi dituen Battitta Ducassou itsasuarra.

Hitz gutxitan laburtzearren, Sanchezen ilusioaren eta Ducassouren eskarmentuaren arteko finala izango dela esan genezake, baina final guztiek bezala, honek ere baditu interesgarriago egiten duten hamaika kontu, hamaika detaile. Ezbairik gabe, begi gehienak Luis Sanchezen gainean egongo dira, Iruñean bizi den pilotariak egindakoak oso gutxi baitu ohikotik. Hasteko, apenas egon da, izokinek bezala, Bidasoan gora egin eta Berezkoen artean arrakasta izan duen Hego Euskal Herriko pilotaririk.

Baina hortaz harago, harrigarriagoa da Luis Sanchezek onenen artean egonkortzeko behar izan duen denbora gutxia izan da. Izan ere, 23 urterekin, iaz bigarren mailako finala jokatu, aurten Superprestigean izarrekin aritzeko aukera aprobetxatu, beste final bat jokatu eta egindakoaz hausnartzeko astirik gabe, Berezkoen txapelketako final nagusian sartu da, aurkari guztien gainetik pasata. Jarraian jokatutako bi finalak galduta, txapelik handienarekin estreinatzea du amets.

Finalerdietan ez zion aukerarik eman Mathieu Ospitali –40-23 irabazi zion–, eta bere jokorik onena atera beharko du berriro finalean txapela jantzi nahi badu.

Bere onera itzulita

Finalak irabazteko omen diren arren, sekula ez da erraza halako partidak jokatzea eta eskarmentua oso garantzitsua izaten da. Eta horretan Battitta Ducassouk asko dauka irabazita, Buruz Buruko sei finalez gain, bost aldiz irabazi baitu Superprestigea eta munduko txapeldun ere izana baita.

Hori bai, bi pilotari hauek elkarren aurka aritu direnetan, Superprestigean Garazin eta Buruz Buruko ligaxkan Irisarrin, Sanchez gailendu da.

Baina bi partida hauek aspaldiko unerik txarrenean hartu zuten lapurtarra. Iazko urte arraroak kalte egin zion Ducassouri eta azken hilabeteetan berea eman ezinda aritu da. Hunkiturik, begiak bustita amaitu zuen finalerdian Peio Larralderi 40-35 irabazita. «Benetan gozatzen dut une honetaz, bi hilabete oso zailetatik ateratzen naizelako. Niregan konfiantza osoa galduta nengoen», azaldu zuen partida amaitu berritan.

Azken asteetan asko entrenatu du Panpi Ladutxeren aginduetara eta irribarrea berreskuratuta, beste txapel bat irabazteko esperantza handia du Ducassouk.