INFO
Entrevue
«Pitu» Llamas eta Amaia Merino
‘Non dago Mikel?’-en zuzendariak

«Torturaren egunean hil zen Galindo, itota... mendeku asmorik gabe, oso sinbolikoa da»

Galindo hil berri dela eta Intxaurrondon gertatzen ari zenari buruzko audioa lehenbizikoz entzun delarik, gaurkotasun handia hartu du Mikel Zabalzaren hilketari buruzko filmak. Ostiral honetan helduko da pantailetara, bi helbururekin: memoria aktiboa landu eta aitortu gabeko egia zabaltzea.

Miguel Angel Llamas ‘Pitu’ eta Amaia Merino.

Zinemaldian estreinaldia izan zenetik, 35. urtemuga pasa da, Galindo hil da, grabaketa ikaragarri hau zabaldu da... Nekez esan liteke hau iragana dela. Jakinmina nabaritu duzue?

P. Ll: Hau abiatu genuenean, jende askorentzat iraganeko kontua zela jakin bagenekien. Baina auzia mahai gainean jarri da berriz, ez maila juridikoan baina bai memoriaren ikuspegitik. Zinemaldian jakinmina nabaritu genuen, gero egia da pandemiaren zurrunbiloan berriro lehen planora ekartzea kostatu zaigula, baina aldi berean egia da ‘Zabalza auzia’ aipatzean jendeari belarriak zorroztu egiten zaizkiola, interes handia pizten du.

A. M: Interesa aipatzen bada, bereizi behar da beti: Euskal Herrian hau gai bizi-bizia izan zen eta geroko belaunaldietara pasa da, baina Estatuan ez da hainbeste ezagutzen. Orduan, gogoratzea ondo dago, baina horrekin batera ezagutarazi behar da eta izan zuen larritasuna eman.

Hesi geografikoak gainditzeko asmoa dago, beraz, baina belaunaldienak ere bai...

A. M: Bai, horretara goaz, topera.

P. Ll: Gure lanaren motibazio nagusia da. Aezkoako jendeak berak esaten zigun, han batzuek ez dakitela nor zen Mikel Zabalza edo zein testinguruan hil zuten. Memoria horri eustea oso garrantzitsua da beraientzat, gertatutakoa larruan bizi izan zutelako, betirako grabatuta dute. Eta beste jende askori begiak irekiarazi zizkion, PSOEko Gobernu batekin hori gerta ziteneenik ez zutelako uste; ez zen jada tortura kasu bat, desagertutako pertsona bat baizik! Eta edonori gerta zekiokeen gainera, Mikel Zabalza ez baitzen ETAkoa.

A. M: Zer ari zen gertatzen holako bertsio ofizial narratsa asmatzera iristeko? Baina bitartean, Euskal Herriko kaleetan ‘Non dago Mikel?, non dago Mikel?’ etengabe oihukatzen zen. Nik 15 urte bete berriak nituen orduan eta oso ongi gogoratzen dut, gogoan grabatuta gelditu zitzaigun, bai.

Orain Galindo hil berri dela, kuriositatez: berarengana edo bere munduan sartzeko asmorik egin al zenuten? Edo ez zen pelikularako interesgarria?

P. Ll: Saiatu ala ez... dudatan egon ginen, bai. Baina gure lehentasuna ez zen bi bertsio kontrajarri parez pare jartzea, hura familiaren barruan eta euskal gizartean nola bizi izan zen islatzea baizik. Hortaz, ez genuen Galindorekin kontaktatzeko saiakera seriorik egin. Hala ere, familiakoak eta Euskal Herrikoak ez ziren iturriengana jo genuen, esaterako ‘El Mundo’ko kazetari zen Antonio Rubiorengana, auzia zehatz-mehatz ezagutzen zuelako eta ez zen independentismoaren edota familiaren gertukoa. Hau guztia esanda, Galindo torturaren aurkako egunean hil da, itota, sinetsezina dirudi...

A. M: Mendeku asmorik gabe, oso sinbolikoa da, bai.

P. Ll: Senide batzuek esan duten bezala, ea Estatuko sekretu batzuk argitara aterarazteko balio duen. Nik ez dakit gertatu den, baina norbaitek Intxaurrondon gertatu zenaz hitz egin dezan balioko balu...

Une egokian dator pelikula, dudarik gabe, baina egia aitortua izateko lagundu dezakeela pentsatzea ez al da gehiegi?

A. M: Zerbaitetan lagunduko du. Zinemak bizipena ematen du: zu aretora sartzen zara, argiak itzaltzen dira, isiltzen zara eta aurrean duzun horretan burubelarri sartzen zara. Eta bizipenek indar handia dute: zerbait eskatzeko gogoz aterako da jendea zinematik, esaterako Nafarroan EAEn egin zena egin dadila, torturari buruzko ikerketa sakon eta babestua.

P. Ll: Nik beti esaten dut: hau da pantaila erraldoian eta jendartean ikusteko gauza bat, komunitatean. Ez da bakarrik gauza bat edo beste gogoratzeko memoria ariketa, memoria aktiboa baizik. Hau bizi izan zuen jendeari berriro biziarazi nahi diogu; eta bizi izan ez zutenei, aldiz, 20 egun haiek sentiarazi nahi dizkiegu. Bete-betean sartzen zara pelikula honetan, angustia barruratzen duzu eta amaiera jakin arren zerbait ezberdina gertatzeko irrikitan zaude.

Paradoxa bat dago auzi honetan: gaur egun jada inork ez du bertsio ofizial hura defendatzen, baina benetan gertatu zena ez dago onartuta ofizialki. Gauzak honela, autozentsura erabili behar izan duzue, arazo bat izan da?

A. M: Ez, batere ez.

P. Ll: Ni kazetaria naiz eta honetaz idazten dudanean jada erailketa hitza erabiltzen dut. Egia da, jada inork ez du bertsio hura defendatzen. Film honek erakunde publiko askoren babesa du. Hau Estatu krimena izan ote den galdetu izan digute: bai, horrela ikusten dugu, baina garrantzitsuena ikusle bakoitzak bere ondorioa ateratzea da. Nire ikuspuntutik, pertsona bat Lege Antiterroristaren menpe atxilotzen badute, funtzionario publikoek egiten badute, gune ofizial baten hiltzen bada torturatua eta gobernariek inork sinisten ez duen bertsio bat asmatzen badute... nola deitzen zaio horri bestela?

A.M: Egia da inork ez duela bertsio ofiziala babesten, baina ez dugu ahaztu behar bertsio hura gezurrezkoa zela ez dagoela onartuta. Eta gezurtiak gu garela, beste gauza bat gertatu zela sinesten dugun guztiok.