INFO

AVTk Haselen abokatua salatu du, ETAri buruz esandakoaren harira

AVT elkarteak Pablo Hasel rap kantariaren abokatuaren aurkako salaketa jarri du Auzitegi Nazionalean, 2019ko hitzaldi batean «terrorismoa goraipatzeagatik». ETAri buruzko hausnarketak egin zituen bertan.

Alaejandra Matamoros. (La Sexta)

Pablo Hasel abeslari kataluniarraren abokatuak AVTren salaketa jaso du. Elkarte honek Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa, 2019an Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduak antolatutako hitzaldietako batean egin omen zituen adierazpenengatik. «Terrorismoa goratzea» leporatzen dio AVTk.

Kantaria bederatzi hilabeterako kartzelara eraman duten akusazioetako bat da, «Koroari egindako irainekin» batera, «terrorismoaren goraipatzea».

AVTk azaldu duenez, Haselen abokatuak, Bozhidora Alaejandra Matamoros Alexandrovak, hitzaldi batean parte hartu zuen, Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren lehenbiziko urteurrenaren karietara antolatutako ekimenean. Elkartearen arabera, hizlari batzuek errepresio estatua salatu zuten. Eta hizlari horietako bat Haselen abokatua izan zen.

Estatuko indarren «zapalkuntzaz» egindako adierazpenak

Bozhidora Alaejandra Matamorosek, AVTren esanetan, Estatuko segurtasun indarrek eragindako «zapalkuntza» egoera aipatu zuen eta momentu batean, zera baieztatu zuen: «Euskal Herriaren kasuan, kideek zituzten eta utzi zizkieten bitarteko bakarrekin egin behar izan zuten borroka, armekin alegia; armekin borrokatu ziren autodeterminazio eskubidearen alde».

Elkartearen iritziz, hitzaldi horien testuingurua «aprobetxatu» zuen abokatuak «ETAren terrorismoa justifikatzeko». Matamorosek «kide» hitza erabili izana ere azpimarratu du AVTk, «laguntasun gisa baino» uler ez daitekeen hitza.