INFO

Martxoaren 8rako mobilizazioa deitu dute Ipar Euskal Herriko talde feministek

Ipar Euskal Herriko hainbat talde feministek manifestazioa deitu dute martxoaren 8an 12.00etan Baionako ospitaletik, «esplotatzen, menderatzen eta hiltzen gaituen jendarte patriarkal, kapitalista eta arrazista hau karriketan salatzeko».

Martxoak 8 inguruko manifestazio bat 2017an Bainon. (Isabelle MIQUELESTORENA/FOKU)

Bagera, Emazteek Diote, Ipar Euskal Herriko Asanblada Feminista, Itaia, PAF, Planning Familial eta Zutik talde feministek Martxoaren 8rako antolatutako mobilizazioaren berri eman dute astelehen honetan.

Manifestazioa 12.00etan abiatuko da Baionako ospitaletik, eta merkatuko plazan bukatuko da. Ibilbide osoan zehar hitzartzeak izango dira, «krisi sanitario, ekonomiko eta sozialaren biktima izan diren emazteak omentzeko; eta Estatuak, kapitalismoak, hezkunde nazionalak edota Elizak burutzen dituzten emazteon kontrako bortizkeriak salatzeko».

«2021an, emazteok bortizkeria sexistak, sexu erasoak, zapalkuntza ekonomiko eta instituzionalak jasaten segitu behar dugu. Gure kontrako diskriminazioak metatzen dira, batez ere emazte migranteen kasuan. Gure gorputzari begirako erabakiak hartzeko eskubidea ez da erabatekoa oraindik, haurdunaldi lagunduaren inguruko eztabaidek frogatzen duten gisan. Lansari ezberdintasuna pairatzen segitzen dugu, baita doako lanak egiten ere: etxeko lanak, hezkuntza eta zaintza lanak: emazteon gain dira hein handi batean. Generoan oinarritutako hezkuntzak sistema betikotzen du, heteronormatibitatearen zerbitzuko delarik», nabarmendu dute talde feministek.

Emakumeek «ikusezinak» izaten segitzen dutela salatu dute: «Koronabirusak sortutako krisiak argiki frogatu du emazteok ikusezin egiten gaituztela, nahiz eta jendartean beharrezkoak diren arloetan gehiengoa izan. Emazteen kontrako diskriminazioak etengabekoak dira, sektore horietan bereziki»