INFO

Hamabi talde igoko ditu oholtzara Katapulta Tour zirkuituak

Seigarren urtez jarraian, musika eta arte eszenikoen alorrean leku bat egin nahi duten talde eta bakarlari gazteei trebatzeko oholtza eskainiko die Katapulta Tour zirkuituak. Mihise, Antía Muíño, Nerea Garmendia edota Tranpola daude hautatutakoen artean.

Sara Azurza da zirkuituan parte hartuko duten artista gazteetariko bat. (NAIZ)

Musika eta arte eszenikoak landu nahi dituzte gazteen sustengu izateko jaio zen, orain sei urte, Katapulta Tour zirkuitua, Gipuzkoako Aldundiak, Kutxa Kultur, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom’s-ek babestutako proiektua.

Lehenengo ediziotik arrakasta izan duen proiektua da eta, horren adibide, aurten 99 bakarlari eta taldek eman dutela izena zirkuituan parte hartzeko. Horietatik hamabi hautatu diuzte, sei antolakuntzak berak egiten duen hautaketaren bidez eta gainerako seirak Kutxa Kultur Musika programaren bidez.

Katapulta Tour-ek lau musika proiektu eta arte eszenikoko bi proposamen hautatu ditu. Lehenen artean dago Aigory altzatarra, 2017an SNKT taldearekin ‘The neighbothood’ lehen LPa argitaratu zuena; Antía Muíño, Donostian bizi den kantautore galizarra; ‘Kronik@’ proiektuarekin datozen Mihise usurbildarrak; eta Yo Ciervo, rock alternatibo anglosaxoiaren eragina duen taldea. Arte eszenikoen alorrean Tranpola, antzerkia, dantza eta ikus-entzunezkoak jorratuz lengoia propioa eraiki nahi duen konpainia, eta Nerea Garmendia, besteren artean ‘Vaya Semanita’ saiotik ezaguna den aktorea hautatu dituzte.

Gainerako sei taldeak, esan bezala, Kutxa Kultur Musika programaren bidez sartu dira zirkuituan: Blanquita Carraquela, J.Largo, Martin de Marte, Mugan, Ramona’s First Evil Boyfriend eta Sara Azurza.

Antolakuntzatik azaldu dutenez, Donostiako Jazzaldian ere parte hartuko du zirkuituak.