INFO

Zinezko Telesforo Monzon

Telesforo Monzonen irudia (1904-1981).

Mutil gazte jator batek galdetu zidan aurrekoan: Telesforo Monzonen ideiak zeintzuk ziren? Erantzuna papereratuko dut hemen. Hasteko, Euskal Herriko seme-alabak garela, Europako bidegurutze honetan bizi eta lan egiten duten herritarrak, eta atzo bezala gaur ere, libreki eta ozenki aldarrikatzen dugula Euskal Herria dela gure aberria. Zazpi herrialdeetako euskal herritarrak, jatorriz eta borondatez batzen dituen herria osatzen dugula. Bat, batua, bakarra munduan eta bere buruaren jabea nahi duguna eta, hortaz, beste burujabetzarik ez dugula aitortzen eta onartzen.

Gure herriaren hizkuntza euskara dela, bihotz eta arima, euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk. Herriari eman zizkion metafora eta alegiak gogoan, kardantxiloak bezala kantatu behar dugula eta ez kanarioak bezala. Atzo bezala gaur ere, euskalduntzea lehentasunetan lehena dela.

Askatasuna eta justizia direla gure elkarbizitzaren oinarriak eta ez dugula inoiz onartuko tirania eta mendekotasunik, gure aurrekoek onartu ez zenuten bezala. Inor ez dela inor baino gehiago eta gure ideia, erabaki eta ekintzetan denok zor diogula errespetua elkarri. Onartzen dugun diskriminazio bakarra jaiotzez edo bat-bateko arrazoiengatik minusbaliatu direnen aldekoa dela.

Euskal gizartearen kalitatea ahulenenganako eta gutxien gaituak daudenenganako begirunearen arabera neurtu behar dela. Herri bat ez dela inoiz beste bat baino gehiago bere duintasunean. Arrazismoa arbuiatzen dugula, herri batek beste bat menderatzea; eta gure herriarentzat bezala beste edozeinentzat ere bere borondate, balio eta izaeraren arabera izateko eta bizitzeko eskubidea defendatzen dugula.

Gure herria armen indarrez erasoa eta azpiratua denean oinarrizko defentsa eskubide eta betebehar bezala aitortzen dugula. Eta atzo bezala gaur ere, aberriaren alde armak hartu zituzten gudariekin gaudela beti, eta haien adorea eta kategoria agurtzen dugula.

Abertzaletasuna ezin ulertuzkoa dela gure lurraren zaintzarik gabe, gure mendi, landa, erreka, baso, herri eta kaleena. Eta anai-arreba bezala onartuko dugula, bere jatorria dena delakoa izanda ere, gure herriaren halabeharra gurekin partekatu nahi duen oro.

Leialtasuna zin egiten diogula Euskal Herriaren kausari, interes partikularra aberriaren interesari inoiz kontrajarri gabe. Gurea herri borroka dela, ez talde borroka. Arriskuan den eta bizi behar duen aberri bateko kide izateak, lehen bezala orain ere, guztiok konpaktatu behar gaituela, eskolatuak eta eskolagabetuak, profesionalak, industriako jendea, nekazari eta arrantzaleak, merkatariak, funtzionarioak, gazte eta zahar, eme eta ar. Eta batasuna ezin bada, nahitaezkoa dela elkarkidetza, Lizarra eta Maltzaga.

Gure artean egon daitezkeen alderdi, kredo, ideologia, ahalmen ekonomiko eta prestigio sozialen arabera ezberdintasunen gainetik, euskalduna anai-arreba dela, aberkide izateak batzen gaituela, gure herria eta hizkuntza bizi daitezen sen eta borondateak, eta oroz gain, erronka historiko itzel horri arnasa emateko daukagun gogo bizi eta prestutasunak.

Hau da gure zina, Telesfororena. Gure aurreko abertzaleek egin zuten berdina. Haiek irakatsi ziguten, eta esperientziak ondo erakutsi digu zin hori ohoratu eta zaintzeak izan duen odol, deserri eta espetxe mailako ordaina. Horren jakitun berresten dugun zina dela, gure miseria indibidualen eta denboren gorabeheren gainetik gordetzea hitzematen duguna.