INFO

Ez da burua jaisteko ordua GBCrentzat, ezta burua goregi altxatzekoa ere Bilbao Basketentzat

Igande arratsaldean, bilbotarrek goranzko bidean jarraitu gura dute Estudiantes aurkari zuzenaren etxean irabazita, eta Gipuzkoa Basketek, berriz, beldurrik gabe jokatu nahi du Euroliga jokatzen ari den Valentzia Basketen aurka.

Alex Mumbru John Jenkinsekin, joan den igandeko Betisen aurkako partidan. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Bi asteren buruan, goitik behera aldatu dira RETAbet Bilbao Basketen eta Acunsa Gipuzkoa Basketen boladak. Bilbotarrak duela hamabost egun ACB Ligako azken postuan zeuden eta orain jaitsiera postuei alde egitea lortu duten behin behinean, Gipuzkoa Basketi eta Betisi irabazi ostean. Donostiarrek, aitzitik, behetik goranzko bidea eten egin dute Illunbeko derbia galdu ostean eta Fuenlabradan ere galdu ondoren, berriz ere ACB Ligako azken postuan daude.

Ez da, baina, burua jaisteko unea gipuzkoarrentzat, ezta behar baino gehiago burua altxatzekoa bilbotarrentzat, oraindik ere ACB Ligako Fase Erregularra amaitzeko jardunaldi dezente falta baitira, are gehiago covid-19a dela eta atzeratutako neurketak aintzat hartuz gero.

ACB Ligako 26. jardunaldia domekan jokatuko dute Bilbao Basketek eta GBCk. Bilbotarrek Movistar Estudiantesen kantxan jokatuko dute 12.30etan eta Marcelo Nicolarenek, berriz, 17.00etan Valentzia Basketen bisita jasoko dute Illunben.

Azken asteetan zer gertatu den so eginez gero, esan liteke bizkaitarrek aukera handiagoak lituzketela donostiarrek baino bolada ona mantenduz Madrilen partida irabazi eta jaitsiera postuei alde apur bat ateratzeko. Gipuzkoa Basketek, berriz, Euroligako talde bat izango dute aurkari, ACB Ligan Europan baino finago ari den talde bat, gainera. Bada, sekulako ekaitza gainera etorriko ote zaien arriskua handia da.

«Ez da burua jaisteko ordua. Berdin dio zeinen aurka jokatu behar dugun, baina lehiatzen, birrikan eta azkenera arte ahalegintzeko ordua da», azpimarratu du Marcelo Nicolak hedabideen aurreko prentsaurrekoan. «Valentzia Basketen trantsizio jokoa eta blokeo zuzena eta jarraipena kontrolpean izan b har ditugu», nabarmendu ditu entrenatzaile argentinarrak, fuenlabradaren aurka egindako akatsak ikasgaitzat hartuz.

«Gure akatsen erruz galdu genuen Fuenlabradan, denbora luzean aurretik ibili ondoren. Ez genuen irabazten jakin eta hortikikasi behar dugu», onartu du.

Ez da «final» bat, oraindik

«Garaipen gehiago pilatutua izatea gustatuko litzaiguke, baina honekin konformatu behar. Ezin gara euforian erori bi partida irabazi ditugulako. Egia da GBCri eta Betisi irabazita jaitsiera postuetatik kanpo gaudela, baina zeinek esan hemendik bi astera berriz zuolan sartuta ez garenik egongo!». Horra Alex Mumbruren abisua kazetarien aurrean azaldu denean.

Estudiantesek Bilbao basketek baino garaipen bat gehiago du; aurreneko itzulian Miribillan lortu zuena hura, agian, azken segundoan Victor Arteaga pibotak lortutako saskiraketa hari esker. Alegia, Estudiantes bilbotarren arerio ezin zuzenagoa dela, eta litekeena dela, bestalde, bilbotarrek irabaziz gero, madrildarren aurkako averagea ere aldeko izatea, Gipuzkoa Basket eta Betisen aurka lortu duen bezala.

Hargatik, igande eguerdiko dema «finala» ote den galdetu zaio Alex Mumbruri. Bada, ez, ez omen da final bat, entrenatzaile katalanaren aburuz. «Partida oso garrantzitsua dela, bai, baina ez final bat. Oraindik jardunaldi asko falta dira Liga amaitzeko eta guk ez dugu hurrengo partidaz haratago begiratzeko joerarik; ez lehen, ezta orain ere», esan du Mumbruk.

«Estudiantesek 'dinamita' mordoa dauka kanpoko lerroan: Barea, Avramovic, Gentile...», onartu du Bilbao Basketeko entrenatzaileak, baina era berean Arteaga, Angel Delgado eta Alec Brown ere aintzat hartu behar direla gaineratu du. «Joaneko neurketan kolpe handia eman ziguten, baina kolpe hartatik ere zutitu ginen, gure lanaren fruituak jasotzeko ordua iristeko itxaropenarekin. Azken bi garaipenen ostean, taldeak alaiago egin du asteko lana, baina egiari zor, oraindik asko falta da amaitu arte», errepikatu du Mumbruk, amaitzeko.