Ibai Soroa eta Txomin Amundarain izan dira Urrezko Aizkolarien garaileak
Bikote irabazleak lana burutzen 18 minutu eta 40 segundu behar izan du. Harrijasotzaileek ikuskizun bikaina eskaini dute, Mikel Lopategi «Urrak» 102 jasoaldirekin irabazita.
Urrezko Aizkolarien Egunak 21. erakustaldia eskaini du igande honetan eta duten onena emanaz antolatzaileen asmoak ongi bete dira eta herri kirolak hauspo berria hartu dutela aitortu behar da. Asmakeri antzuetan entretenitu gabe seriotasunez gure kirolak nolakoak diren eta nondik datozen zintzoki agertu da Azpeitiko pilotalekuan. Jaialdi bikainak gauza onik eman du ere zerbait falta izan da: jendearen laguntza, animoak eta txaloak. Tristea horrela ikustea pilotalekua, baina pandemia honek horretara eraman gaitu.
Urrezko Aizkolarien binakako txapelketak espero zen maila eman du. Behar bada gazteak izanik, landu beharreko zehaztasun batzuk agerian jarri dira. Esate baterako, enborraren gibelean bistaratzen diren adar zitelak aparteko nekea sortzen dute eta gaurkoan atera dira bai zortzi bat. Adarrak aizkolaria 'adarjotzera' zirikatzen du eta saihesteko esperientzia izateak balio handia du.
Hiru bikoteen lana ona izan da. Bederatzi enbor lau modalitate desberdinetan jarrita, Ibai Soroa eta Txomin Amundarain izan dira garaileak. Lana oso ondo egin dute, txanda librean zen ia joku guztia eta esaterako 80 ontzakoa enbor handian noiz txanda eman, gehiegi nekatzeke oso ongi egin duen Ibai Soroak esan digunez, «txandak ematen oso ongi aritu gara, eta kortea bere onera eramateko parean jo dugu».
Horrela eginaz aipatu lana burutzen 18 minutu eta 40 segundu behar izan dute. Bigarren Hodei Ezpeleta eta Goizeder Belza izan dira, 20 minutu eta bost segundotan. Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabiskaiak 20 minutu eta 40 segundotan burutu dute lana. Denek maila aski ona agertu dute.
Aizkolari gazteen binakako Txapelketan Xuban Cañamares eta Ibon Garaiburu izan dira irabazleak 9:34ko denbora eginaz. Markel Zapiain eta Axel Larrañagak 10:24 denboran egin dute lana eta Oier Larretsea eta Endika Goiak, 12:35ko denboran.
Aizkora kontuekin jarraituz, Emakumezkoen aizkolari txapelketan Nerea Sorondo izan da azkarrena. Lau enbor 36 ontzakoak botatzen 7 minutu eta 17 segundu behar izan ditu. Segidan Maika Ariztegi (7:58), Claudia Munoz (12:51) eta azkena Uxue Ansorregi izan da (15:58).
Liluragarria harrijasotzaileen lana
Sar gaitezen Izarratzen bizi izan dugun ikuskizun paregabea eta itogarria azpimarratzen. Hiru indartsu gazteak eta 100 kiloko zilindrika, kubika eta borobila aurrean bakoitzarekin lanerako hiru minutuko txanda zutelarik. Erakustaldi zoragarria. Egin zuten lana ikusita, nekea sortzen zitzaigun.
Alboan genuen bati entzun genionez, «guk garagardo basoa baino errazago altxatzen ditek». Mikel Lopategik Urrak irabazi du, guztira 102 jasoaldi eginaz. Nota bat jartzekotan, zalantzarik ez: bikain. Bigarren Beñat Telleria izan da, 95 jasoaldi eginaz. Eta hirugarren, Inhar Urruzuno, 87 jasoaldi eginaz. Biak oso ongi.
Amaitzeko, Karmele Gisasola, Udane Ostolaza 14 urtekoa eta Aroa Sanachez harrijasotzen erakustaldi polita eskaini dute.
Antolakuntzak helburua ongi baino hobeto bete du eta orain antzerako ekintzari heldu behar diote Bengoak eta bere taldeak. Urrezko Aizkolari banakako txapelketa eratzen hasiak dira. Aurki izango da.