Durangarrek PERI1 Trenbidea proiektua baztertu dute herri galdeketan
Herritarrak 9.00etan hasi dira PERI 1 Trenbidea proiektuaren inguruko galdeketan parte-hartzen Durangoko Landako Gunean. 6.680 durangarrek, boto-emaileen %94,4k, proiektua gelditzearen eta herritarrek parte hartzeko prozesu baten bidez alternatiba bideragarria bilatzearen alde agertu dira.
«PER 1 Trenbidea» proiektua geldiarazteko 'bai' nagusitu da igande honetan Durangon egindako herri-bozketan. 7.076 durangarrek, erroldaren %28,57k, hartu dute parte hauteskunde-jardunaldian. «Bai»k 6.680 boto (%94,4) lortu ditu, 'ez' botoak 372 (%5,3). 24 boto zuri eta baliogabe egon dira (%0,3). 24.700 durangarrek PERI 1 proiektua babestu edo geldiarazi erabakitzeko aukera izan dute gaur.
9:00etan ireki dituzte Landako Guneko ateak eta herritarrak hasi dira hurrengo galderari «Ados al zaude PERI1 Trenbidea proiektua gelditzearekin eta irtenbide bideragarri baten azterketa abian jartzearekin, betiere, herritarren parte hartzea aintzat hartuta?». Parte-hartzea %14,25ekoa izan da 14:00ak arte. Bozkaketa «normaltasunez eta inolako arazorik gabe» egiten ari dela adierazi du Durangoko Udalak. 18:00ak arte, parte-hartzearen datua %23,41ekoa izan da.
Eneko Sagardoy aktoreak, sare sozialen bidez erakutsi duenez, dagoeneko hartu du parte eta «egun historikoa» bezala definitu du herriko lehen herri galdeketa hau.
Egun historikoa Durangon!#ErabakiaIzan #M14galdeketa @erabakidurango pic.twitter.com/vguHsCW54t
— Eneko Sagardoy (@esagardoy) March 14, 2021
Durangon duela hiru urte sortu zuten Erabaki plataforma eta herritarrei 18 pisuko bost dorre eraiki edo herri erdiko lur horietan beste zerbait egiteko galdetzea zuten xedea. Markel Sanchez plataformako kideak NAIZ Irratian adierazi zuenez, «gogotsu eta ilusionatuta» daude galdeketaren aurrean.
Duela hamarkada bat trenbidea lurperatu ondoren, Durango erdian zegoen lurzoru handi bat hutsik geratu zen. Lakuako Gobernuak eta Eusko Trenbide Sarearen bidez (ETS) 18 solairuko altuerako bost dorre eraikitzea proiektatu zuten. Duela hiru arte geldirik egon zen proiektua, baina eraikitzen hasteko asmoa azaldu zuen orduan Durangoko Udalak.
Herriaren etorkizuna «baldintzatuko» duen proiektua dela uste du Erabaki plataformak eta herritarrek erabaki behar dutela etxebizitzak egin edo proiektu alternatibo bat eraiki. Durango erdigunean horrelako etxebizitza altuak egiteak «eragin ikaragarria» duela uste du. Hortaz, arnasgune bat eraiki edo beste proiekturen bat gauzatu nahi bada herritarren iritzia «ezinbestekoa» dela uste dute.
Udalak konpromisoa adierazi du galdeketaren emaitza aurrera eramateko. Informe tekniko bat aurkeztu zuen otsailaren hasieran.