INFO

EAEko aldundiek udalekuak antolatuko dituzte berriro, 7 eta 12 urte arteko umeentzat

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzako 2.321 leku eskainiko dituzte, uztailaren 1etik 29ra eta zazpi eguneko txandetan, euskaraz eta ele bitan.

Lorea Bilbao, Harkaitz Millan eta Ana del Val Sancho Udalekuak programa aurkezteko prentsaurrekoan. (Raul BOGAJO/FOKU)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek Udalekuak aisialdi eta hezkuntza programa egingo dute berriro uda honetan, uztailaren 1etik 29ra, zazpi eguneko txandetan, eta hiru lurraldeetako 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzako 2.321 leku eskainiko dituzte, euskaraz eta ele bitan.

Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatu eta Gazteriaren Foru Erakundeko arduradunak, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak eta Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak aurkeztu dute programa astelehen honetan, Gasteizen.

Hain zuzen, Udalekuak 2021 programaren 2.321 lekuetatik 815 Araban eskainiko dira, 822 Bizkaian eta 684 Gipuzkoan. Euskarazko txandetan 2.147 leku izango dira, eta beste 174 ele bitan egingo direnetan.

Ingurumen jarduerak baserri eskoletan, piraguismo, mendi ibilaldi edo bela moduko kirol jarduerak, eta aisialdiko jarduerak (jolasak, txangoak eta tailerrak) izango dira.

Araban, Zuhatza, Barria, Espejo eta Bernedoko instalazioetan egingo dira jarduerak; Bizkaian, Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, Zugaztieta, Meakaur eta Bertizen; Gipuzkoako Aldundiak Orion, Zarautzen, Hondarribian, Arantza, Irrisarriland eta zehaztu beharreko beste toki batean antolatuko ditu udalekuak.

Prezioak hiru aldundiek adostu dituzte, eta 130 euroko kuota orokorra ezarri dute. Prezioaren barruan sartzen dira ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzua, istripu asegurua eta erantzukizun zibila, eta joan-etorriko garraioa, jatorritik (Donostia, Bilbo eta Gasteiz).

Gainera, lurralde bakoitzak hobariak ezarri ditu gizarte laguntzak eta familia ugarientzako laguntzak jasotzen dituztenen familientzat.

Zozketarako izen-emateak martxoaren 22tik martxoaren 31ra egin beharko dira Araban (zozketa apirilaren 14an); Bizkaian martxoaren 18tik 29ra (zozketa apirilaren 27an), eta Gipuzkoan apirilaren 13tik 20ra (zozketa apirilaren 27an).