INFO

Hizkuntza gutxituen aldeko borroka Bretainiako karriketan eta Parlamentuan

Kemperreko karriketan Bretañan, 5.000 manifestari inguru bildu ziren larunbatean. (@DIWAN)

Larunbatean 5.000 pertsona elkartu dira Kemperren bretoi eta galo hizkuntzen alde. Bretainia Eskualdearen eta Emmanuel Macronen Gobernuaren arteko hizkuntza hitzarmena sinatzeko adostasunik lortu ezinik, karriketara atera dira haserrea erakustera eta haien eskubideak aldarrikatzera.

Hizkuntzen babesean erpin anitz badira, baina Estatu frantsesean gatazka iturri nagusia hezkuntzarena izan ohi da. Hitzarmena sinatzeko horrela gertatu da, eta horrela izango da ere apirilaren 8an Paul Molac diputatu bretoiaren eskutik Asanblea Nazionaletik pasako den hizkuntza gutxituei buruzko lege proposamenarekin

Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak eta bere jokabide jakobinoak erakartzen ditu begirada gehien: ‘Laissez-nous parler Jean-Michel’ edo ‘Utz iezaguzu hitz egiten Jean Mixel’ dio sare sozialetan zabaltzen ari den mezuak. Euskal Herriko borroketan ere protagonista dugu, euskarazko hezkuntzari ezarritako trabak Macronekin batera Blanquer boterera heldu zenetik ugaldu egin baitira. Irailean Ipar Euskal Herrian egun Bretañan bizi duten egoeraren antzekoa izan zen, Euskararen Erakunde Publikoko hitzarmena ez sinatzekotan egon baitzen, hezkuntzari loturiko gatazka baten ondorioz, nahiz eta orduan konponbide batetara heltzea lortu zen, euskaldunen eskaera bete eta gero.

Errepublika zentralizatuan, hizkuntza gutxituen baliabideak eta eskubideak lurraldeka antolatzen dira, borrokaren bidez irabazi egin behar baitira, eta gehien egiten duenak gehiago dauka. Frantxoa Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Akitaniako presidenteordea izan zenak bere postua utzi zuenean esan zuen bezala, «biziki abantzatuagoak gara, ez dut erran nahi beste lurraldeak gutaz jelos direla, baina poxi bat bai».

Hala izanik ere, Estatu frantsesean hizkuntza gutxituei dagokionez Bretainia da erreferente eta solaskide nagusia, eta Estatu mailako hedabideetan gaia jorratzen delarik Ipar Euskal Herria batzuetan aipatu ere ez delarik egiten, beraz bertako borroken indarrak denongan eragina izan dezake.

Bakoitzak bere herrian edo elkarrekin, borroka bera da, eta momentuan momentuko bideak hartu behar dituena, Bretainian karrikara atera dira, nahiz eta ekaineko hauteskundeak baino lehen ezin izanen duten ezer sinatu.

Orain, hala ere, Estatuko hizkuntza gutxituei eragingo dien gatazka-gune nagusia Parlamentuan dago, hiru aste eta erdi barru, Asanblea Nazionalera helduko delako berriz hizkuntza gutxituen inguruko lege proposamena. Iaz abiatu zuen ibilbide parlamentarioan Macronen alderdia nagusi den behe-ganberan Molacek aurkeztu proposamenari, pisu handiena zuen hezkuntzaren atala kendu zioten.

Aldiz abenduan, eskuina nagusi duen Senatuan bozkatu zenean hezkuntza berriz proposamenean ezartzea lortu zen. Orain, apirilaren 8an berriz bozkatuko delarik Blanquerren alderdikideen artean zer aterako den ikusi beharko da.

Parlamentuko bulegoetan dago orain norgehiagoka. Lege proposamena Bretainiatik abiatu bazen, alsaziarrek eta korsikarrek bat egin zuten proposamenarekin, baina euskal diputatuak ez ziren Asanblea Nazionaleko eztabaidan izan. Eta horretan euskal diputatuek, gutxi izanik ere, pisua izan dezakete, bozka guztiek garrantzia izango duten horretan.

Hori dela eta, Vincent Bru, Jean Lassalle eta Florence Lasserre bigarren bozketara joatea garrantzitsua eta erabakigarria izan daitekeenez, deia publiko zein pribatua egiten die euskalgintzak, gure hizkuntzaren etorkizunean eragina izan dezakeen momentu honetan bere herriaren eskubideen alde borroka egin dezaten.