INFO

Txema Egiguren mugarik gabeko herri ekintzaile nekaezina joan da

Hendaiako euskaltzaleek eta kultur eragileek hutsune handia sumatuko dute gaurdanik. Txema Egiguren, ikastolaren bultzatzailea, herriko danborradaren sortzailea, euskal kulturaren akuilu, Alarde parekidearen soldadu, eta oroz gainetik mugarik gabeko herri ekintzaile nekaezina, hil egin da.

Txema Egiguren Hendaiako danborradaren sortzaileetakoa hil da. (@EuskalIrratiak)

Azkeneko astetan bere osasun egoerak okerrera egin ondoren gaur hil da Txema Egiguren.

Minbizia zuen eta Pellot itsaslapur lapurtar gisara zapia buruan kasik bukaera arte Hendaiako karrikak zapaldu baditu ere, finean eritasunak eraman du.

Han non euskara, besta, kultura edo, laburbildurik, herriaren nortasuna azaltzeko atea bat zabaltzen zen Hendaian zalantza gutxi izan Txemak eman zion buelta giltzari.

Txemak sortu zuen danborrada, Bixintxoen besten garapenari ezinbesteko ekarpen eginez. Berriki bere seme-alabek jaso zuten Hendaiako danborrada parekideari egokitu zaion Hondarribia Berditasun saria.

Zer esanik ez, Irun eta Hendaiako gurdiak desfile batean uda garaian uztartzen dituen Euskal Bestari ere esku kolpe eman zion Txemak. Bi herriotan ez zaizkio inoiz laguntzaile fidelak eta aliatu apartak falta. Eta Eguberritan Olentzeroren manager gisa jardun zuen Txemak, eta sagardo bestan botilero, eta...

Irrifarre goxoa ahotan baina, behar zenean, jenio bizikoa zen Txemak hamaika kolpe eman zituen mahaigainean euskarak presentzia gehiago izan zedin hiriaren eremu guztietan.

Izerdi asko bota zuen, hala nola, gaur egun Ipar Euskal Herri mailan ikasle gehien duen Hendaiako ikastolak merezi zuen eraikin eta behar zuen hauspoa ukan ditzan.

Hendaian aginte makila eskuratu duten azkeneko bi auzapezek, egungo alkateak Kotte Ezenarrok eta bere aurrekoa izan zen Jean Battite Salaverryk, ondo baino hobeto gogoratuko dute Egigurenek zuen eztabaidarako gaitasuna, eta ekimenak bideratzeko pasioa, eta haserretu ondoren bostekoa emanez tratu berria ixteko, bere sentimendu abertzaleak partekatzen zituztenekin zein beste ideiak zituztenekin ere.

Euskaltzale, parrandero, hendaiarra, gure egunkaria Mauleraino eraman zuen banatzaile, edozein jazarpen mota pairatzen zuen edonor beso zabalik hartzen zuena, lagun ona, ameslari nekaezin, diru-bilketak burutzeko pieza klabea eta bereko negozioetako sena handirik ez zuen Txema joan zaigu. Txingudiko badiaz maitemindurik, muga ezabatzeko hamaika egitasmotan parte hartu zuen Txemak eskapu egin du.

Bidasoa lanbro dago. Izan ere, laino artean, barre algaratan, loro bat sorbaldan, Pellot goitizen zuen Extebe ikustea iruditu zait. Itsasontzian berarekin badoa, hizketan, beti hizketan Txema.

Hurrengo abordajerako beti prest, adiorik ez kapitaina!