INFO

Xabier Vallinaren ‘Ilunabarrean esanek’, Huhezinema jaialdiko fikziozko lanik onena

MU Ikasleen sailean, Xabier Vallinak eskuratu du aurtengo edizioko fikziozko lanik onenaren saria ‘Ilunabarrean esanek’ filmari esker. Epaimahaiak Ane Cuestaren ‘12 minutu’ film laburrari ere aipamen berezia egin dio, «honek ere profesionalak hunkitzea lortu baitu».

Aurtengo edizioko sari banaketa ekitaldiaren une bat. (NAIZ)

Huhezinema jaialdiaren arduradunak pozik agertu dira aurtengo edizioan lehiatu diren lanek erakutsitako mailarekin. «Bi egun hauetan ikusi ditugun film laburren maila altua txalotzekoa eta zoriontzekoa izan da», adierazi dute.

Huhezinemako 14. edizioko sarituen artean, MU Ikasleen sailean, Xabier Vallinaren ‘Ilunabarrean esanek’ nabarmendu da. Berak jaso du fikziozko lanik onenaren saria eta 200 euro eskuratu. Honekin batera, epaimahaiak Ane Cuestaren ‘12 minutu’  film laburrari aipamen berezia egitea erabaki du, «honek ere profesionalak hunkitzea lortu baitu». Ikusleen saria, berriz, Maria Garmendiaren ‘Ilunean Argia’ laburrak lortu du, 100 euro irabaziz. Azkenik, aipatzekoa da Khuruts Begoña Urrutiaren ‘Deia’ dokumentala izan dela bi sari lortu dituen ikus-entzunezko bakarra, halaber, dokumental eta argazki onenaren saria. Lehenengo sariarengatik 200 euro  jaso ditu, eta bigarrerangatik, berriz, 1.500 eurotan baloratutako kamera ekipamendua.

Sail ofizialean, ‘Gorria’ (Maddi Barber) filmak irabazi Huhezinema saria, hau da, euskarazko film onenarena, eta 800 euro eskuratu. Komedia sari berriaren irabazlea ‘Datsegit’ (Aitor Arruti) izan da, 300 euro irabaziz. 400 euroko balioa duen Vertigo saria, ‘Maite’-ri (Xabier Larrazabal) eman zaio.

Mundukidek giza eskubideak eta justizia sozialaren gaia egokien txertatzen dituen film laburrari 700 euro eman dizkio, eta hau ‘Before I Die’ (Iker Esteibarlanda) lanarentzat izan da. Bukatzeko, ikusleen saria Paul Urkijoren ‘Dar-Dar‘ film laburrak jaso du, 300 euro irabaziz.

Antolatzaileen esanetan, bi egun hauetan bizitako emozioa, adrenalina, urduritasuna eta poza nabaria izan da Aretxabaletako Arkupe aretoan. «Zinemazale asko izan dugu gure artean, eta ikusgarria izan da jaialdiak hauengan sortu duen eragina, ikusleen arima pasioz eta zinearekiko grinez bustiz. Laburbilduz, martxoaren 17 eta 18an bizitako giroa paregabea izan da, kontuan harturik ikuslegoaren zati handi batek etxetik bizi izan duela jaialdia», esan dute.

Online eta modu presentzialean egin da Huhezinema jaialdiaren 14. edizioa. Lan taldea «inoiz baino harroago sentitzen da gaur egun bizi dugun egoerak eragindako zailtasunei aurre egin dietelako. Plazer hutsa izan da artea hain publiko zoragarriarekin partekatzea, bizitzea eta gozatzea. Datorren urtean ikusiko dugu elkar aretoetan; bitartean, ez utzi zinemaz gozatzeari!», egin dute gonbita.