INFO

Gaur Taldearen eredu eraldatzaile eta kolektiboa liburu batean aztergai

«Gaur Taldea. Arte eta eraikuntza kolektiboa» liburuak taldeak 1960ko hamarkadako dinamika kulturalekin haustura nola ekarri zuen aztertzen du, baita arteak eraikuntza kolektiboko prozesuetan duen eginkizuna ere.


Amable Arias, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta. Denek bat egin zuten Gaur Taldearen sorreran, 1965eko amaiera aldean. Mende erdi baino gehiago igarota, “Gaur Taldea. Arte eta eraikuntza kolektiboa, 1965-67 argitalpenak” liburua argitaratu dute Jorge Oteiza Museoak eta Kutxa Fundazioak.

Zergatik liburu bat? Gaur Taldearen 50. urteurrenaren inguruan hainbat proiektu egin ziren taldera hurbiltzeko, baita berrikuspen garrantzitsuak ere. Baina, liburuaren egile eta Oteiza Museoko zuzendariorde Juan Pablo Huercanosen arabera, asmoa proiektua bera aztertzea izan zen nagusiki, ez, oraingoan bezala, landutako esparruari buruz hausnartzea, arte garaikidea bere garaiko berpizte sozial eta kolektiboan kokatzea.

Hori nahikoa ez balitz, inoiz argitaratu gabeko material ugari jasotzen du liburuak. Gaur Taldeak 1966ko apirilaren 28an Barandiaran galerian egin zuen erakusketaren inaugurazioan Arturo Delgado eta Paco Mari argazkilariek egin zituzten bi erreportaje ere jasotzen ditu.

Huercanosek aurkezpenean gogora ekarri zuenez, 1960ko hamarkadaren erdialdean, frankismo betean, arte garaikideak inolako adierazpen espaziorik ez zuen garaian sortu zen Gaur Taldea, artista fenomeno indibidual gisa ulertzen zenean, sorkuntza-praxiak gizartean esku hartzeko gaitasun gutxi zuenean. «Modernitatearen idearioan parte hartu zuen, noiz eta Bigarren Errepublikan aktibo egondako agente mobilizatzailearen iruditeria jada hilda zegoenean», esan zuen.

Gaur Taldeak, beraz, talde-ekintzarako deia berpiztu zuen, proiektu kolektiboaren ideia aldarrikatu: «Ekintza osorako deia izan zen. Artista agertzen ez den edozein ekarpen sozial osatu gabea dela adierazi zuen». Horrela, Gaur Taldearen sortze manifestuak errealitate bat eraiki nahi duenaren logikari erantzuten diola nabarmendu zuen Huercanosek, «nominalizazioa ekintzaren aurreko fasea da, eta manifestuak aipatzen duen herrialde hori ia ez zen existitzen garaian, une horretan sortzen ari zen errealitate batera igortzen du».

Arrakastaz edo porrotaz haratago, Huercanosentzat praktika artistikoak arazo gisa duen garrantzia ekarri zuen Gaur Taldeak, eta, beraz, zaila da haren presentzia «soluzio gisa» aztertzea; erantzun bila jarrera berriak hartzera behartzen duen gatazka baten eragile bezala egin behar da.

Oteiza markatu zuen «porrota»

Proiektu kolektiboaren ideiari eutsiz, Javier Baldak azaldu zuen Gaur Taldea euskal eskola sortzeko puntu gorenera bidean zela, baina, Oteizaren hitzetan, «porrot» egin zuen Iruñean: «Bere bizitza osoan deitoratu zuen porrota izan zen». Baldak zehaztu zuenez, euskal eskola horren ametsa ez zegoen soilik artisten borondatearen eta Barandiaranen babesaren mende: aldaketarako joera ez zuten estamentu politikoak ere eragin behar ziren.

Ildo horretan, Baldak azaldu zuen euskal herrialdeetako artista guztiak bilduko zituen erakusketa handi batekin amaitu behar zela taldearen aurkezpena, Iruñean. Ezberdintasun eta desadostasun artistiko eta ideologikoek, aldiz, proiektua zapuztu zuten. Hala eta guztiz ere, aktibismo kulturalaren sentsibilitate berria ezartzea lortu zuten. Baina Baldak gaineratu zuenez, Jorge Oteizarentzat «aukera galdua» izan zen Iruñean bere proiektu pedagogiko batzuk ezartzeko, euskal artearen unibertsitatea kasu. Nafarroako politika eta kultura arduradunekin bilera ugari ere egin zituen egitasmoa aurrera eramateko, alferrik.

Ekitaldia Gaur Taldearen jatorria arakatuz amaitu zen. Hala, Jose Antonio Sistiaga izan zen hitza hartu zuen azkena. Gogoratu zuenez, Donostiako Atrakzio eta Turismo Zentroak urtero antolatzen zuen euskal pintura lehiaketa bat izan zen 1965eko udan. Bertan «arte figuratiboa» nagusi zela jakinik, erakusketa paralelo bat antolatzea otu zitzaion, arte ez figuratiboari eskainia eta lehiaketa ofizialean parte hartuko ez zuten sortzaileei zuzendua. «Lehen zerrenda bat egin genuen: Amable Arias, Oteiza, Basterretxea, Zumeta eta Mendiburu. Eduardo Chillidari bat egiteko proposamena egitera joan ginenean, baietz esan zuen, baina baldintza batekin: Rafa Ruiz Balerdi ere egotea. Baina Balerdi lehiaketan izena emanda zegoen. Azkenean, atzeratu egin genuen gure erakusketa kolektiboa».

Azkenean, Gaur Taldea 1966an aurkeztu zen publikoki erakusketa eta manifestu batekin, Barandiaran galerian. Ibilbide laburra izan zuen arren, Gaur Taldearen ostean, Huercanosen hitzetara itzuliz, «jada ezer ez zen berdina izan».