INFO

‘Bizi gira... Kutxa Bira’: Argentinatik Segurara

‘Bizi gira... Kutxa Bira’ martxoaren 20an hasi zen Argentinako Patagones hirian, handik Viedmara jotzeko igandean. «Euskarak munduan duen garrantzia eta gizarte bezala aberasten gaituela aldarrikatu nahi dugu», adierazi dute hastapeneko ekitaldian.

Egurrezko kutxa txukun-txukun atondu zuten larunbatean herritarrek haien mezuak sar zitzaten. © Aberri Etxea

Dena prest zegoen «euskaraz bizi nahi duen herri libre bat» aldarrikatzen duen kutxa lekuko moduan mugiarazteko. “Bizi gira...kutxa bira” martxoaren 20an hasi zen Argentinan, Viedma-Patagones eskualdetik eta handik pixkanaka Euskal Herrirako bidea hartzeko. Apirilaren 8an lur hartuko du kutxak Baionako Etxepare lizeoan eta 72 egunez, 71 herritatik pasa ostean, maiatzaren 30ean Segurara iritsiko da.

Urruña eta Segurako herritarren artean sortutako Iparra-Hegoa elkarteak iaz ezin izan zuen duela 26 urtetik egiten duten urteroko ekimen bateratua gauzatu, Covid-19ak eragindako osasun krisiak bete-betean harrapatu baitzituen. Ordea, garai hobeen zain egon beharrean euskal diaspora eta euskal herria batuko zituen ekimen bat abiaraztea erabaki zuten, eta sormen gaitasun horren emaitza izan da “Bizi gira...kutxa bira” ekimena.

Goxotasun handiz antolaturiko ekimena
Pasa den otsailaren 16an Iruñean ekimenaren berri eman zutenetik euskara, Euskal Herria eta euskal kultura ardatz dituen egitasmoa pixkanaka forma hartzen joan da. Lehenik bideo bat helarazi zuten Argentinatik, eta horren atzetik ekimena osatzeko ekintzak bata bestearen atzetik etorri ziren.

Urrats bakoitza goxotasunez, baina sendo eman dute ekimenaren antolatzaileek, zein parte hartzaileek. Detailez josi dute egitaraua eta horrek xarma berezia eman dio egitasmoari, parte hartzaileetako bakoitza aktibo bilakatu baita.

Aurkezpen ekitaldian, Amets Arzallus bertsolariak idatzitako mezua gordetzen duen kutxa abian jartzeko data gerturatu ahala, datu berriak aurkeztu eta ekimenari forma ematen dioten osagaien nondik norakoak azaldu zituzten antolatzaileek, sarri bideo labur formatuan, eta horrela, tantaka-tantaka ekimena hasi bitarteko denbora ilusioz bete zuten.

Esaterako, Amets Arzallus bertsolariak bideo baten bitartez eman zuen aditzera kutxak daraman mezua: «Hitza da gure lurra, lur hau ez da gure jabetza, bizi garen lur hau guretzat zelako promesa, ez zuen inork egin, ez zigun inork hitz eman, hitza guk eman genion lur honi, auskalo noiz eta nondik hona iritsi ginenean, babes beharrean, hemen landatu genuen gure hitza, eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria dei dezakeguna, Euskal Herria, euskara eman eta hartzen duen jendea, hizkuntza da, oraingoz, munduak eskaini digun bizi leku bakarra, hitza da gure lurra».

Imuntzo eta Beloki trikitilariek martxoak 8an aurkeztu zuten abestia laguntzeko ere bideo bat egin zuten eta besten arten Baionako Etxepare lizeoko ikasleek parte hartu zuten. Urruñako Xano estudioan grabatu zuten abestiaren errepika leloak, ostera, honela dio: «Orroz jorra urrez urra, elea erein ta landa, hitza bada gure lurra, adar oro erroan da».

Eneko Bachiler eta Nagore Zaldua donostiarrek, berriz, kutxa nola egin zuten eta zer nolako berezitasunak dituen azaldu zuten. Argentinara kutxa eramateko poltsa berezi bat egin behar izan zen eta antzeko beste hainbat lan hartu behar izan zituzten antolatzaileek, baina azkenean, martxoaren batean iritsi zen kutxa Argentinara, eta une hartan helmuga zen Viedma-Patagones.

Argentinan harremanak ehuntzen
Argentinako Patagoniakoa gobernuaren babesa jaso du ekimenak eta, gainera, zenbait baliabide ere eskaini dizkie antolatzaileei, besteak beste, grabaketa egiteko drona eta itsasontzi bat. Viedma hiriburua duen Rio Negro probintziako herriaren defendatzaileak, Adriana Santagatik, proposamenaren berri izan bezain laster bat egin zuen ekimenarekin eta Amets Arzallusen mezuari iruzkin interesgarria egin zion: «Euskal Herriak bere dantzak, errezetategiak, bere janarien usainak eta lanaren kultura ereiten ditu, eta haziak balira bezala barreiatzen ditu, fruituak jasotzen ditu eta oparotasunez elkarbanatzen ditu».