INFO

Europako funtsak negoziatu eta kudeatzeko Nafarroaren «gaitasun eza» salatu du LABek

LAB sindikatuak gogora ekarri du Europako funtsen kudeaketan «azken hitza» estatuek izango dutela eta Nafarroak ez duela «ez negoziatzeko, ez erabakitzeko gaitasunik» izango salatu dute. Honela, funtsak «presio-tresna indartsuak» direla gaineratu dute.

LAB sindikatuko Igor Arroyo eta Imanol Karrera, gaurko agerraldian. (LAB)

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak agerraldia egin duten Iruñean, Europako Funtsak ardatz. Sindikatuak Nafarroak «ez duela negoziatzeko eta funtsen kudeaketan eta erabakietan zuzenean parte hartzeko gaitasunik» nabarmendu du eta «azken hitza» estatuek izango dutela salatu. Horren aurrean, «trantsizio ekosozialista eta feminista» aldarrikatu dute.

Funtsak jasotzeko hainbat baldintza, erreforma eta neurri politiko betetzeari lotuta dago, Europako Batzordearen kontrolpean. Sindikatuaren iritziz, «diziplina fiskalera itzultzea, lehenago edo geroago, mehatxu larria izan liteke laguntzak kobratzeko, aurrekontu-defizitak bideratzeko ezarritako bidea betetzen ez bada». Hori dela-eta, aurkeztu diren moduan, funtsak «presio-tresna indartsuak» direla gaineratu dute.

Era berean, «elite ekonomikoen aldeko gobernantza»  eta gizartearen partaidetza «baztertzea» sustatzen dutela defendatu du LABek. «CEN patronalak, enpresarien lobbyak, alfonbra gorria du, eta espainiar Gobernuarekin koordinazio esklusiboa eta zuzena duen proiektu-bulego bat du bere interesak bermatzeko, helburu guztien oinarri den lankidetza publiko-pribatuaren isla fidela».

Adibide gisa ezarri dute, Volkswagenek Pedro Sanchezen Gobernuari egindako ohartarazpena, zeinetan «konpromisoa» eskatu dioten, Landabengo plantaren aldeko apustua egitea nahi baldin badute. «Gero eta jende gutxiagok ulertzen du, gehiengo sozialaren beharrei erantzuteko erabili beharrean, diru publikoko ehunka mila milioi euro, langileek urteetan sortutako errentetatik datozenak, esku pribatuetan jartzea, milioi askoko irabaziak dituzten enpresetan», adierazi du LAB sindikatuak.

Gogora ekarri dute proiektuen inguruko informazioa ere ukatu diotela nafar Parlamentuari. «Funtsen xurgapena errazteko, Gobernu espainiarrak lankidetza publiko-pribatua indartzea aurreikusten du eta kontrol administratiboak nabarmen murriztu ditu. Aitortutako helburua ahalik eta laguntza gehien lortzea da, eta kudeaketa administratiboaren arintasuna ez dator bat kontrolarekin eta gardentasunarekin. Horrela, bezerokeriarako eta ustelkeriarako aukera paregabea dago».

Bestetik, nafar Gobernuaren helburu eta proiektuak aztertu ondoren, «apustua kapitalismo berdea dela» esan du sindikatuak. «Kapitalak eta enpresari handiek behar duten hazkunde ekonomikoa bideratzeko edo sortzeko apustua, eko-sozialismotik eta feminismotik planteatzen diren erronkei bizkarra emanez». Eta zentzu horretan kokatu dituzte AHT, Nafarroako ubidea, plan eta instalazio industrialak, errepide bidezko garraioa, eguzki eta haize-parkeak, hidrogenoa, eraikuntzak, ospitalean oinarritutako sistema, teknologia eta farmaziako inbertsioa, egungo hezkuntza-sistema eta zahar egoitzen eredua eta euskarafobia».