INFO

Trantsizio energetikoa planifikatzeko prozesu irekia abiatzea eskatu diote nafar Gobernuari

Nafarroako hainbat kolektibok Maria Chiviteren Gobernuari martxan dauden parke eolikoen eta eguzki plaken proiektuak gelditzea eta energia ereduari buruzko hausnarketa sozial bat ireki dezala eskatu diote.

Nafarroan martxan dauden parke eolikoen eta eguzki plaken proiektuak gelditzea eskatu dute. (SUSTRAI)

Hainbat kolektibo eta auzo plataformek Nafarroako parke eolikoen eta eguzki plaken proiektuen aurkako manifestu bat aurkeztu dute gaur Iruñeko Katakraken. Adierazpen horretan, Nafarroako Gobernuari abian diren proiektuak gelditzea eta energia ereduari buruzko hausnarketa bat ireki dezala eskatu diote.

Klima-aldaketaren arriskuak eta inpaktuak murrizteko, trantsizio ekologiko eta energetikoa planteatzen ari da, baina hau «energia berriztagarrien iturrien azpiegituren hedapen zabalean oinarrituta» egiten ari dela azpimarratu dute. Espainiar Estatuan, instalazio berriztagarrien proiektuen «garapen masiboa eta eskala handikoa» gertatzen ari dela gaineratuz.

Nafarroari begira, gaur egun, proiektu berri eta ugari tramitatzen ari direla azpimarratu dute: Erriberako, Lesakako, Lizarrako (Urbasa-Andia), Lizoain-Arriasgoitiko, Esteribarko, Olaibarreko, Ezkabarteko, Eguesko Haraneko, Anotzibarko, Erdialdeko Eremuko (Orbaibat, Uxue, Tafalla, Artaxoa) parke eolikoak eta eguzki-poligonoak Erreniaga edo Erriberrin. «Proiektu horiek egiteak inpaktu larriak eragingo ditu ekosistemetan eta finkatu nahi diren komunitateetan. Nekez geldiaraziko dituzte adierazitako arazo klimatikoak».

Proiektu hauetan, beraz, energia ekoizpena lortzeko azpiegitura «askoz gehiago» instalatu behar dela azpimarratu dute eta, gainera, oro har, elektrizitatea ekoizten dutela, «baina gaur egun Nafarroan kontsumitutako energiaren %20 baino ez da kontsumo elektrikoa». Horren aurrean «ekonomia goitik behera berregituratu behar dela» gehitu dute.

«Trantsizio teknologiko soila ez da gai berez berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko. Berriztagarriak ez dira nahikoak gaur egun kontsumitzen dugun energia kantitateaz hornitzeko. Beharrezkoa da kontsumorako xahutze horri modu planifikatu eta demokratikoan aurre egitea, edo bestela errealitate gordina inposatu egingo da eta kontsumoa murriztu egingo da, indarrez eta plangintzarik gabe», azaldu dute.

Planifikaziorik ezean, «gure beharrei eusteko gai izango ez den lurralde bat» sortzeko arriskua ere azaleratu dute. «Trantsizio ekologikoa ezin da soilik teknologia fosilen ordez teknologia berriztagarriak erabiliz egin. Gure apustua produkzio deszentralizatuan eta instalazio berriztagarri txikietan oinarritzen da, lurralde-antolamenduarekiko bateragarritasun handiagoa ahalbidetzen baitute, kontsumo-zentroetatik hurbil daudelako, bai eta energia-eraginkortasuna hobetzea eta energia-kontsumoa murriztea ere, egungo xahutzearekin jarraitzea eragin gabe».

Bide horretan eztabaida sozial bat abiatzearen aldeko apustua egin dute eta eskaera zuzena egin diote bai nafar Gobernuari bai Parlamentuari prozesu hori ahalbidetu dezan. «Ez dezagun interes ekonomikoek bidea markatzen utzi. Ez dezagun onartu trantsizio energetikoaren izenean akats berberak errepikatzea, espekulazio eta irabazi ereduekin».

Bien bitartean, gaur egun tramitatzen ari diren instalazio eolikoen, fotovoltaikoen eta lotutako azpiegituren administrazio-prozedura guztiak etetea ere eskatu dute.