INFO

Paroten aurkako «Estatu indarkeriari» amaiera emateko eskatu dute Arrasaten

‘Unai etxeratzeko bidea gara!’ dinamikak deituta, manifestazioa egin dute Arrasaten Unai Paroten aurkako «Estatu indarkeriari» amaiera eman diezaiotela eskatzeko. Parotek 31 urte daramatza preso eta, beti lehen graduan egon ostean, Puertotik Mansillara lekualdatu eta bigarrena onartu berri diote. 

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Unai Parot Sevillan atxilotu zutenetik 31 urte betetzen dira igande honetan. Urteurren horri lotuta, ‘Unai etxeratzeko bidea gara!’ dinamikaren baitan manifestazioa burutu da igande eguerdi honetan Arrasateko Herriko Plazatik abiatuta, Paroti pairatu arazten dioten «Estatu ankerkeria» salatu eta haren askatasuna aldarrikatzeko.

Horrekin batera, instituzioak, alderdi politikoak eta herri eragileak interpelatu nahi izan dituzte aldarrikapenera batu daitezen. «31 urte preso egotea astakeria hutsa da. Bizi arteko zigorra gizatasunik ez duen Estatu anker baten erabakia da eta Euskal Herriratzea zein askatzea lirateke ezinbesteko gizatasun eta justizia keinuak», adierazi zuten dinamikaren aurkezpenean.

Gogora ekarri zuten, halaber, «legeak gehienez ezarri zion 30 urteko zigorra nahikoa ez, espetxe onurak ukatu eta beste 11 urteko kondena erantsi» zizkiotela. Preso daramatan hiru hamarkadak lehen graduan eman ditu eta orain egun gutxi onartu berri diote bigarrena, Cadizeko Puertotik Mansillara (Leonen, Euskal Herritik 370 kilometrora) lekualdatuko dutela iragartzeaz batera.

Igande honetako manifestazioak eta ondotik etorriko diren mobilizazio eta ekimenek «elkarbizitza, bakea zein konponbidea erdiesteko» helburua izango dutela azaldu zuten baina horretarako «egoera krudelen betikotzea»-rekin amaitzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten: «Jende askok sufritu du mota desberdinetako biolentzia herri honetan, guztien minen aitortza, erreparazioa eta errepikatuko ez diren bermea behar ditugu, baina ezin da elkarbizitzarik, bakerik edota konponbiderik sustatu egoera anker eta krudel hauek betikotuz».

Gauzak hala, Unai Parot eta harekin batera atxilotu zituzten Kepa Parot anaia eta Jakes Esnal «Euskal Herrian, etxean, askatasunean ikusi arte» mantenduko dute dinamika iraunkorra, «Unai ahalik eta azkarren etxeratzea» baita ekimenaren helburua.