INFO

Lakuak supermerkatuko langileak txertaketa kanpainatik kanpo utzi dituela salatu du ELAk

ELA sindikatuak Lakuaren «enegarren norabide aldaketa» gaitzetsi du «bai formagatik eta bai funtsagatik». Gainera, erabaki hau enpresei telefonoz jakinarazi zaiela gaitzetsi du.

Supermerkatuetako langileek elkarretaratzea egin dute Bilbon. (@ELAsindikatua)

Lakuak supermerkatuetako kutxazainak txertaketa protokolo espezifikotik kanpo uztea erabaki duela salatu du ELAk Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Gainera, berri hau e
npresengandik jasotako idazki batean jakinarazi zaiela kritikatu du, nahiz eta hasiera batean barnean egon.

Sindikatuak Lakuaren «enegarren norabide aldaketa» gaitzetsi du «bai formagatik eta bai funtsagatik». Kolektibo hori hasiera batean txertaketaren seigarren fasean sartzea arrazoituta zegoela defendatu du ELAk: «Langile hauek beren eguneroko jardunean duten etengabeko arriskua, hain zuzen. Agirikoa da egoera hori ez dela egun batetik bestera aldatu eta kutxazainek lehen lerroan eta arriskuan jarraitzen dute».


Era berean, informazio hau publikoki ez eta enpresei telefonoz igorri izana leporatu dio Iñigo Urkulluren Gobernuari. «Bitxia da, izan ere, duela aste batzuk sektoreko enpresek Osasun Arloko sailburuordeak sinatutako gutun ofizial bat jaso izana, supermerkatuetako kutxazainentzako txertaketa kanpainaren hasieraren berri ematen zuena. Orduan bai, era publikoan eta sinaduraz egiteko arazorik ez zuen izan Eusko Jaurlaritzak».

Erabaki hau «iluntasunez inguratuta» dagoela uste du ELA sindikatuak, Lakuaren «iturri, dokumentu edo protokolo ofizialek ez dutelako oraindik irizpide aldaketa hau jasotzen». Osalanen ere, honen inguruko informaziorik ez dagoela gaineratu du. «Funtsezko sektoreei emandako babesa ez da erakusten balkoietan, ezta prentsaurrekoetan ere. Egunerokotasunean frogatzen da, kolektibo horiek lan-baldintza duinak dituztela bermatuz, lan osasuna eta segurtasuna zainduz eta langileek merezi duten errespetuarekin tratatuz».