INFO

Rip Curl Newcastle CUP: WSL itzuliak erritmoa hartu du

WSL itzulia Australiako Newcastle hondartzan da eta 2021eko bigarren txapelketarekin ohiko erritmoa berreskuratzen ari da. Nesken zein mutilen kategorian aurpegi berriak ikus daitezkeen arren, azken urteetako surflari nagusiek jarraitzen dute lehia menderatzen.

WSL itzulia Australiako Newcastle hondartzan da.

Olatuak txikiak izan ziren WSL itzuliko bigarren txapelketako lehen errondetan, baina Australiako Newcastle hirian egiten ari diren txapelketari esker lehen mailako lehiak erritmoa berreskuratu du eta, aurrera begira, osasun krisiaren ondorioz egoera zaila izango den arren, WSL zirkuituak aurrera jarraituko duela ikus daiteke.

Iazko urtean lehiakide berriak ezagutzeko astirik ez zuten izan zaleek eta, ondorioz, Newcastleko lehiaketak aurpegi berriak ezagutzeko balio dezake, baina orain artean egin dituzten txandetatik ondoriozta daiteke azken urteetan puntako postuetan ziren lehiakideek jarraitzen dutela lehia menderatzen.

Edonola ere, datorren urtea lehiakide berriek indar hartuko duten urtea izango dela dirudi, jada beterano batzuei erretiratzeko ordua iristen ari baitzaie. Galdera da, nork beteko ditu haiek utzitako postuak?

Olatu txikiak, baina martxan

Orain artean erronda bakarra egin dute bai neskek eta bai mutilek. Olatu oso txikiak izan dira, metro batekoak, baina nahikoa izan da lehiakide bakoitza nola dagoen ikusteko. Gainera, olatu txikiak izan arren inongo eragozpenik gabe ari da burutzen WSL itzuliko bigarren txapelketa eta horrek zaleak lasaitzeko balio izan du.

Nesken zein mutilen kasuan azken urteetan lehen postuetan izan diren lehiakideek sasoi betean jarraitzen dutela erakutsi zuten eta guztiek pasa dituzte beren txandak eragozpenik gabe. Sorpresa bakarra Julian Wilsonek eman zuen, bertako faboritoa izan arren kaleratua izan baitzen. Hala ere, datozen orduetan bigarren erronda jokatuko du australiarrak eta berriz kaleratzen ez badute lehiatzen jarraitu ahal izango du.

Izan ere, formatu berriarekin, mutilen kasuan 36 lehiakideetatik soilik lau lehiakide kaleratzen dira lehen bi errondetan, eta neskenean, ostera, lehiatzen diren 18 surflarietatik bi baino ez dira kaleratuak. Aitzitik, hortik aurrera txandak buruz burukoak bilakatzen dira eta bigarren aukerak desagertzen dira.

Nesken rankingean Tyler Wright australiarra da buru. 2016. eta 2017. urteetan munduko titulua irabazi zuena Newscastlen faboritoa da, handik gertu hazi eta hezitakoa baita. Ordea, bere atzetik dituen hurrengo hiru lehiakideak ere sasoi betean dira: Carissa Moore hawaiiarra (lau bider munduko txapelduna, (2011, 2013, 2015 eta 2019an), Sally Fitzgibbons australiarra eta Tatiana Weston-Webb brasildarra.

Mutilen kasuan, John John Florence hawaiiarra da CT rankingean buru, baina honek atzetik dituen hurrengo bi lehiakideek garaipen gose ikaragarria dute eta zaila izango da postuari eustea. Gabriel Medina eta Italo Ferreira dira bigarren eta hirugarren postuan. Ferreirak ikuskizun ederra eskaini zuen, txandak iraun zituen 30 minutuetan 17 olatu hartu zituen eta itzelezko airekoak egin zituen.

CT rankingean Ferreirarekin hirugarren postuan berdindua den lehiakidea Kelly Slater da, baina Floridakoa ez dago Australian, oinean duen lesio bat ongi sendatzeko lehiaketatik kanpo geratzea erabaki baitu.

Olatuak Newcastlen

Orain artean erronda bakarra egin dute Newcastlen eta olatuak txikiak izan dira, baina datozen egunetan itsaski bat iritsiko da Australia ekialdera eta egunetik egunera olatu gero eta handiagoak ekarriko ditu. Ondorioz, posible da gaur bertan bigarren errondei berrekitea, edo agian bihartik aurrera jarraituko du lehiaketak. Antolatzaileek ez dute argitu oraindik. Edozer dela ere, apirilaren 11 baino lehen txapelketak amaitua egon behar du.

Kontuan hartu behar da orain zortzi orduko aldea dagoela Australia eta Euskal Herriaren artean. Alegia, han goizeko zortzietan itsasoa ikusi eta txapelketa egin edo ez erabakitzen ari direnean, Euskal Herrian gauerdia da eta lotara goaz edo jada lotan gaude. Beraz, egun gutxi geratzen dira itxaronaldi epea amaitzeko eta falta diren txanda guztiak datozen ordu eta egunetan egingo dituzte.

Datorren ostegunerako bi metro baino gehiagoko olatuak iragarri dituzte; beraz, aukera bat izan daiteke txapelketa egun horretan amaitzea (guretzat asteazken gaua). Datozen orduetan emango du aditzera WSL erakundeak plan orokorra zehazkiago zein den.

Newscastleko olatuei dagokienez, hondartza bat izan arren olatu borobilak ere eskaintzen dituen lekua da, baina hondartza guztiak bezala ezegonkorra da eta olatuen forma etengabe aldatzen da. Horrek zailagoa bilakatzen du irabazle posibleak izendatzea, halako baldintzetan edozer gerta baitaiteke.

Newcastlekoa amaitu ostean, lehiakideak Sydney aldera jaitsiko dira, apirilaren 16tik 26ra Narrabeen urautsi mitikoan egingo den WSL itzuliko hirugarren txapelketan parte hartzera.