INFO

Hemingway Euskal Herrian, faxistek bere garaian faltsututako kontakizuna

Ernest Hemingway, euskaldunak lagun zituen idazlea, aurkituko du bisitariak Gernikako Euskal Herria Museoaren erakusketan. Hemeretzi urtez Edorta Jimenezek egin duen ikerketaren emaitza da, frankismoak bere garaian hainbat mitoren bidez eraikitako irudi faltsua apurtzera datorrena.

Edorta Jimenez idazlea, Leire Bilbao kultur diputatua eta Felícitas Lorenzo museoaren zuzendaria. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ernest Hemingway-ri beste begi batzuekin begiratzeko lekua, eta era berean, hark bere idatzietan utzi zituen begiradak jasotzeko tokia da». Edorta Jimenezen (Mundaka, 1953) hitzak dira.

Jakina da Hemingway-k harremana izan zuela Euskal Herriarekin, baina lehenengo aldia da hain erakusketa zabala eta sakona ikusgai jartzen dena. Bederatzi panelez osatuta dago Gernikako Euskal Herria Museoak atondutako erakusketa, atalka, sortzailearen inguruko topikoak banan banan aletuz. Nola luzatu zion begirada Euskal Herriari? Nola begiratu zigun euskaldunoi?, galderei erantzun nahian. «Kontraesanak ere bazituen, beretzat Basque Country Iparraldea zen eta Nafarroako zati bat Espainia zen. Bi begiradak dira konplexuak, berea eta gurea», dio komisariotza lanak egin dituen Jimenezek.

Hemingway idazlea ezagutuko du bisitariak, Hemingway bat baino gehiago baitago, eta ez denak egiazkoak. «Faxistek bere garaian saldu zutena ez da benetakoa. Atera zitzaizkion argazki denak izan ziren zezen plazetan edo edaten; traizionatu egin zuten», adierazi dio Jimenezek NAIZ-i.

«Iruñean ezaguna den bizardun hark ez zuen ezer idatzi, hura ez zen benetako Hemingway, bere azken egunetakoa, izatekotan. Sanferminak masifikatu zituela esatea sekulako astakeria da, baina esan egiten da, nahiz frogarik ez izan, eta berdin beste mila kontu ere...», gaineratu du.

Garbi dio Jimenezek: «Hemingway frankismoaren biktima da». Batetik, zentsura jasan zuen. «Argitaratutako lanak zentsuratu egin ziren eta beste batzuk ez ziren argitaratu. Gaur ere bere lan batzuk zentsuratuta daude gaztelaniaz, ondoren zuzendu gabe jarraitzen dute; krimen intelektuala da», adierazi du.

Bestetik, feminizidioa. «Emazteak eta emakumeak kendu zituzten hari egindako argazkietatik. 1960an izan ezik unean uneko emaztearekin etorri zen Euskal Herrira, baita semeekin ere. Eta hori guztia desagertu egin da eskaini nahi izan duten irudian».

Aipatzekoa da Martha Gellhorn-ek, Hemingway-ren hirugarren emazteak, ‘Hemingway eta Euskal Herria’ erakusketan duen protagonismoa. Miresmenaz mintzo da Mundakako idazlea. «Gellhorn XIX-XX. mendeko kazetaririk handienetakoa izan zen emakumezkoen artean, onena beharbada, Oriana Fallaci salbu. Normandiako D egunean egon zen emakume kazetari bakarra izan zen. Kazetari joan zen ezkutuan, erizain bezala. Munduko gerra gehienetan, Europan eta Asian ibilitakoa XX. mendean».

«Iñaki Perez Beotegi Wilson ETAkideak bisita egin zion Londresen eta Gellhorn-en biografiatan agertzen da. Hondartza bat aipatu zuen izen eta guzti bere liburuetan eta Zarauzko hondartza da», esan du.

Garrantzia harago doa: «Berarekin batera berreskuratu dugu Hemingway-k emakumeekin, bere emazteekin, izan zuen tratua. Zeren ez zen esaten den matxista izan», nabarmendu du.

Gainera,  Jimenezek euskarara ekarri duen ‘Night Before Easter–Pazko Bezperako Gaua’ liburua estreinakoz eman du argitara Euskal Herria Museoak. Gellhorn-ek batez ere Habanan bizi ziren euskal pilotariekin ordu txikiak arte egindako festa bat kontatzen du. Erramun Mendibelanda margolari, grabatzaile eta ilustratzailea arduratu da liburuaren diseinuaz, maketazioaz, eta historiari bizia ematen dioten ilustrazioez. Edizio berri honi esker, ingelesez bakarrik ez, euskaraz ere irakur daiteke argitalpena orain.

Aurkikuntza

Ipuina izan zen Jimenezen aurkikuntzarik garrantzitsuena 2002an AEB-n egon zenean. Hala berretsi du Jimenezek, pozarren. «Beste emakume bat berreskuratu dugu geure historiarako».

«Gellhorn euskaldunekin maitemindu zen 1936-37an», azpimarratu du. Paper garrantzitsua jokatu zuen bere senarrak Gernikarekin izan zuen harremanean. Gai honen inguruan bada oraindik zer sakondu eta aztertua Jimenezen iritzian. «Bere lagun minenetakoa, Andres Untzain –Mundakako apaiza– Gernikan egon zen bonbaketaren egunean. Hemingway-k idatzia zuen bonbaketaz Untzain ezagutu aurretik. Francori buruz idatzi zuena kristorena da eta inork ez du aipatzen. 1953an Euskal Herrira itzultzeko beldur izan zen idatzi zuenagatik», dio.

Euskaldunak, lagun

Bi ziren Euskal Herriarekin konexioak: paisaia eta natura basatia batetik, eta herritarrak, bestetik. 1920ko hamarkadan egin zituen lehen bisitak Euskal Herrira. Eta lotura berezia sortu. «Jaio berritan gurasoek basora eta lakuetara eraman zuten, eta ondoren, urtero. Han basa-bizibidea ezagutu zuen, 1923an Nafarroara etortzen denean deskubritzen du Iratik eta inguruak eta bere sorlekuak hain egiten dutela sakonean bat, hain dira leku bera... Irati bere umezaro eta gaztaroko proiekzioa zen, zeharo maitemindu zen. Baita Donostiarekin ere».

Lagun asko egin zituen Euskal Herrian jaiotakoak, hemen zein atzerrian. «Ez zen frontean soldadu egon inoiz, auto gidari lanetan aritu zen, eta miresten zituen gerran egondako jende nobleak, errepublikarrak. Kubako lagunak denak ziren gerran egondakoak».

Haien artean Juan Duñabeitia itsas kapitaina zegoen. Gernikako erakusketan Jose Maria Ucelayren ‘Conversation Piece, Just Leisure’ olio-pintura ikus daiteke. Bertan bere lagun minarekin, Duñabeitarekin (Sinsky, idazlearentzat) dago Hemingway.

Kuban egonaldi luzea egin zuen eta harreman estua izan zuen han bizi ziren euskaldun askorekin, gerran zailduak, erbesteratuak. «Urte haietan Hemingway-k eta euskaldunek Inteligentzia Sarea sortu zuten, eta bere ontzia erabili zuten horretarako», gogoratu du Mundakako idazleak.

Pilar izeneko yatearen maketa ikus daiteke, II. Mundu Gerran La Habanako bere lagun pilotariekin batera urpekari alemaniarrak ehizatzeko erabiltzen zuen ontzia. «Erakusketan ikus daiteke Euskadiko Jaurlaritzaren Inteligentzia Zerbitzuek nola lan egin zuten FBIrentzat», nabarmendu du. Irudi ugari ere badaude idazlea euskal pilotariekin erakusten dutenak.

Euskara

Euskal kulturarekiko interes bizia agertu zuen estatubatuarrak, baita euskararekiko ere. «Bere obran euskara hizkuntza aipatuta dago. Ingelesa, gaztelera, frantsesa, swahilia eta euskara, beste hizkuntzarik ez da agertzen haren liburuetan», dio Jimenezek.

Ezin Idaho ahaztu. Bertan hil zen 1961ean. Iñaki Sagarna historialariaren lankidetzarekin atal berezia atondu dute. «Uda batez, 2019an, Hemingway-ren etxean egon zen Iñaki. Bere bizitzako azken urte eta erdian, Idahon, euskaldunak izan zituen inguruan Hemingway-k. Busturiakoak, Ibarrangelukoak... maite zuen euskal gastronomia eta jendearen zintzotasuna eta horrek bere isla du erakusketan. Jende arruntarekin ehizean joan eta tabernan hitz egitera biltzea gustukoa zuen, Hemingway ez zen izarra».
 


Hemingway-ren eleberrien eta idazlearen bizitzari eta lanari buruzko argitalpenen, ikus-entzunezkoen, argazkien eta eguneroko beste objektu batzuen (idazmakinak...) aleek osatzen dute erakusketan ikusi ahal izango diren objektuen zerrenda. ‘The Sun Also Rises’ liburuak ere –‘Eguzkia jaikitzen da’ izenburupean euskarara ekarri berri du Koro Navarrok– badu presentzia Euskal Herria Museoan. «Zezenketak ez dira lar agertzen, ez zuen halako garrantzia berezirik izan bere bizitzan», argitu du.
 
Erakusketak erakusten dituen piezen artean, Helados Pereira-ren gurditxoa ikusgai dago; Hemingwayk 1959an Bermeora egindako bisita batean izozki bat hartu eta argazki bat atera zuen horren ondoan.

Hemeretzi urte daramatza Jimenezek estatubatuar idazlearen nondik norakoak ikertzen. Kuban eta AEBn egonaldiak egin ditu eta bi liburu ditu argitara emanak: ‘Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan’ (Susa, 2003) eta ‘Sanferminway’.

Gaia baztertuta zeukan Javier Muñozek Iruñean proiekturen bat lantzeko gonbita egin zionean. Esker oneko hitzak ditu. «Honaino iritsi banaiz berari esker izan da. ‘Ez dago irla den gizakirik’, idatzi zuen John Donne idazleak –hari aipua egin zion Hemingwayk ‘Noren hil-kanpaiak ote?’ liburuan–. Iruñean hiru urtez Javier Muñozek eta biok guztiz pozik landutako ‘Hemingway bidaide’ proiektuan du oinarria erakusketa honek. Ondoren Iñaki Sagarna jarri zen gurekin harremanetan eta hiruko taldea osatu dugu», azaldu du.

Ekitaldiak

Euskal Herria Museoak bisita gidatuak antolatu ditu, igandero, eguerdiko 12etan. «Jarduera guztiak modu seguruan egingo dira, osasun-agintariek emandako neurriak eta gomendioak betez. Hori dela eta, museoek eta foru aretoek edukiera-muga bat ezarriko dute, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik jarduera guztiak erreserbatzea», esan dute museotik. Erreserbak 946255451 telefonoan edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidean egin daitezke.

Beste hainbat jarduera eskainiko ditu apiriletik aurrera, idazlearen irudiarekin eta bere lanarekin lotuta, zine forum, ipuin kontaketa, irakurketa komentatuak, ibilbideak, hitzaldiak.

Gainera, maiatzean, ‘Literatura eta ondarea’ ekimenaren baitan, Jimenezek ‘Night Before Easter’ kontakizunari buruzko hitzaldia emango du. Hilabete horretan bertan, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, ekitaldi berezi bat egingo da Helados Pereiraren eskutik. Museoko arduradunek aurrerago zehaztuko dute egitaraua.

Erakusketa zabalik dago Euskal Herria Museoan 2022ko urtarrilaren 30a bitartean.