INFO

Herri mugimenduei buruzko bideoa eta liburua aurkeztu ditu Joxemi Zumalabe Fundazioak

Herri mugimenduen formazio esperientzian ateratako gogoeta eta ikasketak konpartitzeko asmoarekin bideoa eta liburua ekoiztu ditu Joxemi Zumalabe Fundazioak. Euskal Herrian zehar aurkezpenak egingo ditu datozen egunotan.


Joxemi Zumalabe Fundaziotik herri mugimenduen formazio esperientzia batetik ateratako gogoeta eta ikasketak konpartitzeko egitasmoa martxan jarri du. Bertan, besteak beste, esperientzien sistematizazioa zentroan jarri zuten, «jakintza eta ikaspenak sortzen dituzten subjektu gisa identifikatzen ditugulako ikastaroko partaideak, eta esperientzien sistematizazioa ardatz, bestelako ikaspen eta ikerketak eraman nahi izan ditugu aurrera herri jakintzen filosofiari garrantzia emanaz».

Lenguai eta analisi desberdinak erabiliz, aurkezpen bira honekin ikaspenak plazaratuko dituzte bi euskarritan. Alde batetik ‘Su txikian: Herri mugimenduak bor-borka’ bideoarekin eta ‘Pil-Pilean herri-mugimenduen formakuntza politikorako esperientzia bat Euskal Herrian Ikastaroaren Sistematizazioa (2015-2018)’ liburuarekin bestetik. Lehenengo emanaldia, martxoaren 21an Baionako Zizpa Gaztetxean izan behar zen hasiera batean, baina pandemia egoera dela eta atzeratu egingo da aurkezpena, oraindik data zehatzik ez dutelarik. Jarraian Euskal Herrian zehar egingo dituzte aurkezpenak.

Dokumentala ‘Pil-pilean’ deituriko formakuntza politikoaren esperientzian oinarritua da, herri jakintzetan oinarrituriko esperientzien sistematizazioa ardatz. ‘Pil-pilean’-ek ikastaro formatua izan zuen, bertan herri mugimendu ezberdinetako kideek parte hartu zuten eta bideoan bertako bizipen nahiz ikaspenak biltzen dira 30 minutuko metrajean.

Jakintza kolektiboa

Jakintza kolektiboki sortzea ardatz, Euskal Herriko herri mugimenduek elkar ezagutzeko, esperientziak trukatzeko eta saretzeko espazio izan zedin sortu zen 2015. urtean ‘Pil-Pilean’ ikastaroa. Formakuntza politiko integrala sustatu nahi zuten: historikoa, teorikoideologikoa, metodologikoa, gorputzezkoa, antolaketakoa…; «herri-sektoreek pairatzen dituzten zapalkuntza guztiak eta aurrera daramatzaten borroka eta erresistentzia estrategia denak aitortuz». Formakuntza politikorako esperimentu harekin kultura politiko askatzaileagoak pentsatu nahi zituzten, kultura politikoak izateko eta ekiteko dituen moduak berritzeko ahaleginean sakondu.

Dokumental honetan, ikastaroko hamalau partaide agertzen dira haien esperientzia eta ikasitakoak kontatzen, azpimarratzen, denbora pasatuta ikastaroaren arrastoa erakusten, metodologia eta bizipenetatik ikasteak duen garrantzia azaltzen.

Joxemi Zumalabe Fundazioaren asmoa herri mugimenduen formazio beharra sozializatzea da besteak beste, eta hori nola egiten denari erreparatzea. Horretarako bideo hau liburu batekin batera sortu dute, webgunean eskuragarri dagoena, eta biak elkar osatuz, tresna bat izateko asmoa dute, «herritik sortutako jakintza herriari itzultzeko» xedearekin.