INFO

Suzko barrikada Tubacexeko sarreran, 129 langile kaleratzeko egunaren bezperan

Tentsioak gora egin du asteazken honetan Aiaraldean, osteguna baita 129 langile kaleratzeko ezarri den eguna. Suzko barrikada piztu dute sarreran eta bertan izan Ertzaintza, baina ez da istilurik izan.

Barrikada Tubacexeko sarreran. (@inaki_montes)

Azken orduko aldaketarik ezean, ostegun honetan 129 langile kaleratuko ditu Tubacexek, eta Aiaraldea osoan azkeneko bi hilabeteotan piztu den erantzuna gogortu egin da bezperan. Suzko barrikada egin dute lantegiko sarreran goizeko 8.00ak aldera.

 

Bertan ziren langileak, jada 63 egunez luzatzen protestari eutsiz, eta bertara joan da Ertzaintza ere bai. ‘Borroka da bide bakarra’  eta ‘Hemen ez dago inor soberan’ aldarrien inguruan batu dira langileak. Grebarekin bat egiten ez duten langileen autobusa oztopatzea zuten helburu, baina Ertzaintzak eragotzi egin die. Suhiltzaileek barrikada itzali dute eta ez da istilurik izan.

 

Laudioko lantegian ere Ertzaintza azaldu da eta lanuztearekin ados ez dauden langileak fabrikara sartzea ahalbidetu du.

Sindikatuek jakinarazi dutenez, zuzendaritzatik langile guztiei deika ari dira, banan banan, lanera itzul daitezen esijituz.

 

LABek, bere aldetik, biziki eskertu du EH Bilduko Oskar Matutek Kongresuan Tubacexeko langileen alde agertu izana, bandera eta guzti.