INFO

Corrugados Azpeitia herrigunean berriz irekitzearen kontra sinatu dute 350 lagunek

Azpeitiarrok Hiritar Taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie orain lau aste bultzatutako sinadura bilketan parte hartu duten 350 azpeitiarrei. Herrigunean Corrugadosen labeak berriro irekitzearen aurka sinatu dute.

Corrugados Azpeitiaren instalazioak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Cristian Lay industria taldeak Corrugados Azpeitia berriro irekitzea planteatu eta auziak prentsara salto egin zuenean, Azpeitiarrok Hiritar Taldea sortu eta enpresa herrigunean kokatzearen kontra agertu zen. Sinadura bilketa jarri zuen martxan Change.org atarian eta lau astera, «zarata mediatikoa baretu» denean, 350 sinadura jaso dituela jakinarazi du sare sozialen bitartez. Eskerrak eman dizkie sinatu duten eta ekimena zabaltzen lagundu duten herritar guztiei.

Corrugados herrigunean irekitzeak ekarriko lituzkeen osasun eta ingurumen arazoek kezkatuta abiatu zuen herritar taldeak ekimena. «Corrugadosen irekierak lanpostu ugari ekarriko lituzke herrira, inork ez du hori gezurtzat jotzeko balentria. Lan horren inguruan sortzen denak kezkatu behar gaitu ordea, ibai alboko herrigune zentrikoan horrelako enpresa bat ezartzeak ekarriko lituzkeen arazoek. Ikasiko ote genuen zerbait gure herriak ingurugiro arloan izan dituen esperientziatik?», agertu dute.

EAJren jarrera kritikatu dute sare sozialetan zabaldutako ohar batean. «Azpeitiko EAJk arma politiko gisa erabili nahi izan duen gaia hedabideetara modu erasokor batean atera zutenean garbi ikusi genuen zerbait egin behar genuela herritarron iritzi libre eta burujabea babesteko», adierazi dute. Hala, jeltzaleei galdegin diete utz ditzatela «zuri-beltzezko argazkiak eta itzul daitezela errealitatearen karrilera».

Momentuz, Corrugados ez da herrigunean, instalazioak egun kokatzen diren tokian, irekiko. Hala, Azpeitiarrok Hiritar Taldeak betetzat jo du bere helburua, 350 sinadurarekin.