Elezkanok eta Zabaletak ez dute kupidarik izan Mariezkurrenaren egun okerrarekin (22-7)
Berriozarreko atzelariak hasiera oso txarra eman dio neurketari eta erabat irten da finalerdietako lehen partidatik. Bere opariak baliatu dituzte aurkariek markagailuan azkar alde egiteko, eta bigarren zatian Jose Javier Zabaleta izan da nahi duen guztia egin duena.
Elezkano II.ak eta Zabaletak uste baino askoz errazago lortu dute Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxkako lehen puntua. Iruñeko Labrit pilotalekuan 22-7 menderatu dituzte Altuna III.a eta Mariezkurrena, kolorerik izan ez duen norgehiagokan: 230 pilotakada bakarrik 40 minutura iritsi ez den neurketan.
Jon Mariezkurrenak hasiera benetan txarra eman dio partidari eta hortik aurrera urdinek ez dute zer eginik izan. Gorriak 4-0 aurreratu dira 19 pilotakada bakarrik jota: Mariezkurrenak aurrean aukerako pilota bat zabalera bidali du lehenik, gero bi sake erraz utzi ditu eraman gabe eta 4-0ekoa Danel Elezkanok egin du txokoan boleaz.
Egia esateko, Elezkano bera ere ez da batere ongi aritu eta bizkaitarrak galdutako bi pilotari esker urdinak 5-2 inguratu dira. Baina aldrebeskeriekin jarraitzeko, Mariezkurrenak beste hiru pilota galdu ditu: bi pilotakada jarraian gora bidali ditu eta beste sake bat utzi du erantzunik gabe. Konturatzerako, 8-3 markagailuan.
Pena izan da Mariezkurrenaren hasiera tamalgarria. Gogo gehiegirekin nabaritu zaio nafarrari, lanak azkarregi egin nahian, eta hasierako hutsek erabat atera dute neurketatik.
Oraindik beste aukera bat emateko prest egon dira gorriak: Elezkanok galdutako beste bi pilota eta Zabaletaren opari bati esker, 10-6 hurbildu dira berriz urdinak. Egoerari buelta eman eta neurketan sartzeko garaiz zeudela ematen zuen.
Zabaletaren erakustaldia
Baina ez. Hortxe amaitu dira gorrien opariak eta Jose Javier Zabaletaren erakustaldia hasi da. Pilota gero eta gehiago atzeratuz, pilotakadari abiadura gero eta handiagoa emanez, Mariezkurrena hankapean ibili du etxarrendarrak eta tantoa bata bestearen atzetik iritsi dira.
10-6tik 16-6ra joan dira lehenik. Partzial hori Zabaletari kanpora joan zaion ormabiko batek apurtu du (15-7). Eta hurrengo takadan zuzenean 22-7raino iritsi dira, tartean Zabaletak zabalean egindako dejada batekin. Estatistikak hartzeko partida zail samarra izan den arren, Zabaletari egindako 8 tanto apuntatu dizkiogu.
«Pozik nago egindako partidarekin, baina batez ere lortutako puntuarekin. Finalerdietan gaude, bi puntu beharko dira finalean sartzea, eta aurrenekoa behintzat jada lortu dugu», adierazi du apal Etxarrengo atzelariak.
Jokin Altuna, berriz, burumakur agertu da, baina bere atzelariari bultzada bat eman nahian: «Partidan sartu ere ez gara egin. Zazpi tanto egin ditugu, eta eskerrak. Beraiek zer maila duten bagenekien, hori ez da ezustekoa, baina guk gurea ez dugu egin. Maila honetan aukerak eduki nahi baditugu ezin dugu horrela sartu neurketa batera. Orain Jonekin egon nahi dut, lasai hitz egin, ea hurrengo jardunaldian egoerari buelta ematen diogun eta azken partidara bizirik iristen garen».
Pilotakadak: 230. Partidaren iraupena: 38 minutu eta 23 segundo. Markagailua: 4-0, 4-1, 5-1, 5-2, 8-2, 8-3, 10-3, 10-6, 15-6, 15-7 eta 22-7. Sakez eginak: 4 Elezkano II.ak. Jokoan eginak: 4 Elezkano II.ak, 8 Zabaletak eta 1 Altuna III.ak. Galdutakoak: 4 Elezkano II.ak, 2 Zabaletak, 1 Altuna III.ak eta 5 Mariezkurrenak. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua, ateak itxita. Lehen sakea, urdin.