Sektore publikoko greban «zerbitzu minimo handienak» ezartzea leporatu diote Lakuari
Ostegunerako sektore publiko guztian deitutako grebarako, zaintza esparruan Lakuak ezarritako zerbitzu minimoak %100ekoak dira, osasungintzan «guztiz gehiegizkoak» eta hezkuntzan «inoizko handienak», ELAk jakinarazi duenez. Helegitea aurkeztuko du sindikatuak.
«Egunerokoan zerbitzu publikoak indartzeko eta osasun publikoa bermatzeko neurri eta baliabideak jartzen ez dituen bitartean, inoiz baino zerbitzu minimo handiagoak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak apirilak 22ko grebarako», salatu du ELAk ohar baten bidez.
ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek mobilizazio dinamika bati ekin zioten martxoaren 30ean, eta apirilaren 22an amaituko da, sektore publiko osoan deitutako grebarekin. «Gure aldarrikapenak zerbitzu publikoen defentsan, enplegu publikoaren sorreran eta aldi baterako langileen finkapenaren eskakizunean oinarritzen dira», nabarmendu dute.
Horren aurrean Lakuak ezarritako zerbitzu minimoek «milaka langile grebarako oinarrizko eskubiderik gabe» uzten dituela azpimarratu dute. Adierazi dutenez, koronabirusa «aitzaki hartuta» esparru eta zerbitzu «askotan» %100eko zerbitzu minimoak ezarri ditu Iñigo Urkulluren Gobernuak.
Nabarmendu dutenez, zaintza esparruan, aginduak «baliogabetu egiten du greba-eskubidea», %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen baititu. «Pandemiak bereziki kaltetu du esparru hori, eta ez dira ezarri behar ziren errefortzuak eta baliabideak», ekarri dute gogora.
Osasungintzan, aldiz, gutxieneko zerbitzuak ere «guztiz gehiegizkoak» direla gaitzetsi du ELAk, «eta hori bereziki garrantzitsua da kontuan hartzen badugu ez dauzkatela osasun-krisiari aurre egiteko baliabide nahikorik».
Hezkuntzan «inoiz ezarritako minimo handienak» dira, sindikatuak baieztatu duenez. «Greba oztopatu eta ikusezin bihurtzeko eta sektore eta lan zentruetako giroarekin bat ez datorren normaltasun itxura emateko saiakera argi baten aurrean gaude; izan ere, langileen batzarretan egindako bozketa ugarietan, grebaren aukera nagusitzen ari da», gehitu du ELAren oharrak.
Gauzak horrela, zerbitzu minimo horien aurkako helegitea jarriko duela jakinarazi du ELAk.