INFO

LABeko kideen atxiloketak Parlamentuan azaltzeko eskatu dio Arastiri EH Bilduk

Jose Luis Arasti Gobernu espainolaren ordezkariak asteartean LABeko sindikalistak atxilotu zituzten polizia operazioari buruz Nafarroako Parlamentuan azalpenak emateko eskaera egin du EH Bilduk. Dena den, aurrekariei begira delegatuak eskaera honi muzin egingo diola aurreikusi daiteke.

Jose Luis Arasti Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkaria. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Asteartean izan ziren LABeko kideen atxiloketak azaltzeko Gobernu espainolaren ordezkari Jose Luis Arastik Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin dezala eskatu du EH Bilduk.

EH Bilduk irmoki defendatu du «sindikalismoa ez dela delitua». Adierazi duenez, honako operatibo poliziala «sindikalismoa kriminalizatzeko saiakera da» eta, hala, «horiek bezalako jarrera autoritarioekiko gaitzespen irmoa» agertu du.

Egungo krisi testuinguruan, «sindikalismoa eta ekintza sindikalak inoiz baino beharrezkoagoak dira hazten ari diren lan baldintzen prekarizazioari eta lan ezegonkortasunari aurre egiteko». «Batez ere, sektore feminizatuen lan baldintzei aurre egiteko; izan ere, krisi guztietan gertatzen den bezala, emakumean dira zaurgarrienak eta, hortaz, kaltetuenak».

Hori dela eta, EH Bilduren ustez, «beharrezkoa eta oinarrizkoa da Espainiako Gobernuko ordezkariak azalpenak ematea inolako justifikaziorik ez duen jokaera polizialagatik».

Kongresuan EH Bilduren diputatu Bel Pozuetak dagoeneko erregistraturiko galderei erantzun beharko die Gobernu espainolak, baina talde honen arabera Arastik Nafarroako Parlamentuan azalpenak ematea ere beharrezkoa da. 

Halaber, EH Bilduk bere babesa helarazi die bai atxilotu zituzten sindikalistei baita LAB sindikatu osoari ere eta bere atxikipena azaldu du datorren egunotarako LABek deitutako mobilizazioekin. Horien artean, larunbatean Iruñean ‘Borroka sindikala aurrera’ lelopean burutuko den manifestazioarekin.

Parlamentuari mespretxua

Dena den, aurrekariei begiratzen badiegu Arastik Parlamentuaren deiari muzin egingo diola eta ez dela bertara joango esan daiteke. Horrela egin zuen iaz Iruñeko inauterietan Polizia espainolak hamalau urteko neska bat zauritu zuenean.

Orduan erabili zuen aitzakia Gobernu espainolaren ordezkari bezala soilik Madrilgo Kongresura edo Senatura joateko beharra zuela izan zen. Ondorioz, ez zaio egoki iruditzen Nafarroako Parlamentura joatea, nahiz eta bere ardurapean dauden gaiak kezka sortzen duten herrialdean.

Jarrera hau ez da solik PSOEren Gobernuaren ordezkarien afera, PPkoek berdin jokatzen baitute. Horrela egin zuen ere Carmen Albak 2016an Polizia espainolak Iruñean atxilotu ondoren Elhadji Ndiaye General Chinchilla kaleko komisaldegian hil zenean.