Bilbao Basketek covid-19az bi kasu positibo antzeman ditu
Berez domekan 20.00etan hasita jokatu behar dute beltzezko gizonek Valentzia Basketen kantxan, baina PCR proba berrien emaitzak jakin arte, ez da segurua neurketa bere horretan jokatuko den ala atzerapenik beharko duen. Kasu positibo biak «etxean bakarturik eta osasun egoera onean» ei daude.
Dena atzekoz aurrera ari zaio ateratzen aurten RETAbet Bilbao Basket saskibaloi taldeari. Asteazkenean Lenovo Teneriferen aurka 86-67 galtzea gutxi ez, eta Jaylon Brown ezkerreko oinean min hartu zuen, eta orain, talde bilbotarrak covid-19az bi kasu positibo antzeman ditu.
Berez, ostiral goiza baliatu behar zuen Alex Mumbruk partida bezperako prentsaurrekoa emateko, baina 10.00etako prentsa agerraldia bertan behera geratu da berau ospatu baino ordu erdi bat lehenago. Handik gutxira Bilbao Basketek prentsa oharra kaleratu du, zeinetan «covid-19 jotako bi kasu positibo» antzeman dituen «lehen taldearen barruan». Esan gabe doa ez dutela adierazi zein kide diren positibo eman dutenak.
Prentsa oharrean dioenaren arabera, kasu positibo biak «etxean bakartuta eta osaun egoera onean» daude. Horrez gain, Bilbao Basketek PCR proba osagarriak iragarri ditu, ACB Ligaren protokoloek zehazten duten moduan, kasu positibo gehiagorik ba ote dagoen ala ez ahal bait arinen aurkitzeko.
Eta, bide batez, domekan partidarik jokatu beharko duen ala ez ikusteko. Izan ere, domekan 20.00etatik aurrera Valentzia Basketen kantxan jokatu behar dute berez beltzezko gizonek. PCR proben emaitza ostiral arratsaldeko azken orduan edo larunbat goizean jakingo da eta orduan erabakiko du ACB Ligak domekako neurketa egunean bertan ospatu ala atzeratu beharrik dagoen.
Gogoan izan behar da Saski Baskoniak ere derrigorrean bere hurrengo bi neurketak atzeratu behar izan dituela: Unicajaren aurka apirilaren 29an eta Acunsa Gipuzkoa Basketen aurkako Illunbeko euskal derbia, maiatzaren 1ean jokatzekoa, hain zuzen. Talde gasteiztarrak koronabirusak jotako lau kasu positibo antzeman ditu; Tadas Sedekerskis hasteko eta hurrengo egunetan beste hiru kasu gehiago.
Horrez gain, nahiz eta badirudien jokatu egingo dela ezkenean, oraindik ere ezin da ziurtzat jo Giuzkoa Basketek larunbatean 18.00etan UCAM Murtziaren aurka jokatzerik izango duen ala ez, Murtziako taldean covid-19az hirugarren kasu positibo bat azaldu ondoren, DJ Srawberry eta Jordan Davisen kasuen ondotik.
IDK Euskotren
Emakumeen saskibaloi kluben eguneko berriei lotuta, IDK Euskotrenek beste urtebetez luzatu dio kontratua Mariam Coulibaly pibotari.
Orain arte, talde donostiarrak Lara Gonzalez eta Maria Erauntzetamurgil harrobiko jokalariak galdu ditu –azken hau Lugoko Ensino taldera joango da, orain arte Araskin aritu den Tamara Abalderekin batera ziurrenik–, baina datorren denboraldiari begira, IDK Euskotrenek aurreneko kontratu berritzea egin du.
Coulibalyk 24 urte bete behar ditu eta talde gipuzkoarreko jokalari baloratuena izan da aurten. 31 partidatan hartu du parte Maliko pibotak eta batez beste 13’9 puntu, 7’6 errebote eta 17,1ko balorazioa erdietsi du.