INFO

Hauteskunde departamentaletarako hautagaiak aurkeztu ditu EH Baik

Ekainaren 20an eta 27an egingo diren hauteskunde departamentaletan parte hartuko du EH Baik. Ipar Euskal Herriko 12 kantonamendutan aurkeztuko diren hautagaiak aurkeztu ditu Itsasun egindako agerraldian.

Itsasun egin dute agerraldia EH Baiko hautagaiek. Guillaume FAUVEAU

Ekainaren 20an eta 27an izango diren hauteskunde Departamentaletan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 12 kantonamendutan aurkeztuko diren hautagaiak ezagutzera eman ditu EH Bai alderdiak Itsasun egin duen agerraldian. Guztira 48 hautagai izango dira «larrialdi sozial, klimatiko eta ekologikoari aurre egiteko» alderdi abertzaleak proposatzen dituen politikak defendatuko dituztenak. Hau da, kantonamendu bakoitzean bi titular gehi bi ordezko.

Annie Poveda eta Txomin Hiriart Urruty hautagaiek egin duten hitzartzean aditzera eman dutenez, Ipar Euskal Herria eta Bearnea barnebiltzen dituen Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren «eskumen garrantzitsuenak dira politika soziala eta elkartasuna, beraz behar gehien duten pertsonak laguntzeko ardura handia izanen da».

«Trantsizio ekologikorako herritarren konbentzioaren proposamenen aurrean Estatu frantsesak duen jarrera hotza» ikusita, Departamendua politika «azkarrak eta ausartak bideratzeko» bitarteko egokia izan daitekeela azaldu dute.

Departamendua bitarteko, ez helburu

«Departamendua epe luzera desagertu beharko da, biharko estatu bereziko Lurralde Kolektibitate baten mesederako, baina bitartean, Departamendu mailan kokatzen diren poliika sozialen segimendua egitea ezinbestekoa» dela iritzi dio EH Baik.

«Departamenduaren geroak kezkatzen ez bagaitu ere, bertatik bultzatzen diren zerbitzu publikoek bai, kezkatzen gaituzte», adieraz du Annie Povedak, eta jarraian biztanlegoaren zerbitzura Departamenduan garatu beharreko zenbait auzi zerrendatu ditu, hala nola, «behar handienetan diren pertsonak laguntzea, trantsizio ekologikoa kontuan hartzea, euskararen geroa, adinekoak laguntzeko zerbitzuak, bide-azpiegituren segurtasuna, kolegioko ikasleen bizi-baldintzak, eta abar».

Alternatibak kalean zein instituzioetan

Itsasun aurkeztu diren 48 hautagaiak 5.000 biztanletik gora dituzten herrietako ordezkariak dira eta ez dute kargurik Euskal Hirigune Elkargoko exekutiban, izan ere, EH Bairen aburuz, «kargu metaketak demokrazia ahultzeaz gain, teknokrazia areagotzen du». Horregatik, EH Baiko bozeramaileen esanetan, «bere lana serioski eginen duten hautetsiak behar dira Departamenduan eta ez ardura gosez diren departamentariak».

Zentzu horretan, jarrera gardena izateak duek garrantzia azpimarratzen du EH Baik, bestela «jendartean arlo publikoarekiko mespretxua areagotzen» baita. Aitzitik, kargu publikoak eskuratzeko hauteskundeetara aurkeztu arren, herrietan eta auzoetan garatzen diren alternatiba deseberdinekin duten engaiamendua berresten dutela nabarmendu dute EH Baiko ordezkariek.

«12 kantoietan EH Bai hautagaitzak aurkeztuz, gure proiektu politikoa defendatuko dugu, alternatiba ezkertiar, abertzale, ekologista eta feminista defenditzera goaz Ipar Euskal Herri osoan», aldarrikatu du Txomin Hiriart Urrutyk, Baigura-Arranomendi kantonamenduko hautagaiak.

Itxaropentsu

Hauteskunde kanpaina krisi sanitario baten erdian burutu beharko dela oroitarazi du EH Baik. Hasiera batean, martxoan egitekoak ziren hauteskunde departamentalak, baina hain zuzen ere krisi sanitarioaren ondorioz ekainera atzeratu ziren bozketa egunak. Ezohiko giro honek aurreikuspenak egitea zailtzen duela onartu du Anita Lopepe bozeramaileak, baina «itxaropentsu» agertu da.

Guztira 27 kantonamendu ditu Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta horietatik 12 Ipar Euskal Herrian dira. Azken hauteskunde departamentalak 2015eko martxoan izan ziren eta EH Bai alderdiak emaitza esanguratsuak izan zituen, estreinakoz lehen itzulia gainditzea lortu baitzuen bost kantonamendutan. Bigarren itzulian ere bozka anitz bildu zituen alderdi abertzaleak eta Alain Iriartek Kontseilurako hautatzea lortu zuen, nahiz eta 2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenean postua utzi eta indarrak Elkargoan lan egitera bideratzea erabaki zuen. 

Anita Lopepek azken hauteskunde departamentaletan lortutako emaitzen ostean balorazio baikorra egin zutela oroitarazi du, baina ordutik eman den beste urrats bat ere azpimarratu du: «Herri hauteskundeetan eskuratutako emaitzei esker mugimendu abertzalea indartua atera zen, beraz guk bide horren segida bezala ikusten ditugu ekainean izango diren hauteskundeak eta itxaropena dugu kontseilari departamental batzuk lortzea, nahiz eta egungo testuinguruari lotuak diren ezjakintasun batzuk ere badiren».