Hirugarren postura igotzeko aukera galdu du Ordiziak eta Getxo bere taldeko azkena da
Ampo Ordiziak Ohorezko Mailako bigarren faseko azken jardunaldia jokatu du Barçaren etxean, baina porrota jaso du bigarren zati txar baten ostean (57-21) eta ezin izango du hirugarren postua eskuratu play offetaran aurkari «errazagoa» izateko. Getxok 16-21 galdu du eta maila mantentzea zaildu zaio.
Helburu polita eta ausarta zuen igande honetan Ampo Ordiziak. Ligako sistema berri honetan, bigarren faseko azken jardunaldia zuten aurretik goierritarrek, eta horrekin batera hirugarren postua eskuratzeko aukera. Honek play offetan aurkari «errazago» bat izateko aukera emango lioke. Horretarako, garaipena behar zuten Barçaren etxean eta liderrak hirugarren den SilverStorm El Salvadorri irabaztea.
Azken aukera hau gertatu da, Lexus Alcobendas liderrak 3-27 irabazi baitio El Salvadorri. Baina Ampo Ordiziak ezin izan du gaur kanpoan garaipenik lortu –atzeratutako partida bat falta zaie oraindik katalanei, Ordizia lau puntura dutela–, gehienbat bigarren zati txar batengatik.
Oker hasi dute partida goierritarrek. Zazpigarren minutuan etxekoek Barrancoren entsegua lortu dute eta Bautista Guemesek transformazioa egin du. Hala ere, segituan berdintzea lortu dute ordiziarrek, Juanma Lescanoren entsegua eta Lander Mujikaren transformazioari esker.
Egia esan, lehen zatia oso orekatua izan da. Izan ere, Barça berriro aurretik jarri bada, 14na ere berdindu dute kanpokoek eta ondoren, 39. minutuan, 21na. Barça aurretik joan da atsedenaldira, 24-21.
Lehen zatian egindako lan bikainak bigarrenean alde egin du. Ordiziarrek ez dute puntu gehiago lortu eta katalanak, aldiz, 57 puntura alde egin dute garaipena eskuratuz.
Getxo, bere taldeko azkena
Beste taldean, Ohorezko Mailan mantentzeko lehian daudenena, Getxok porrota jaso du Ciencias Universidad Pablo de Olavideren aurka (16-21). Emaitza honek azken postuan uzten du talde bizkaitarra eta lanak gogotik egin beharko ditu azken bi partidetan maila eusteko.
Ondo hasi dite partida bizkaitarrek, 10-3 aurreratu baitira markagailuan 13. minutuan. Hala ere, 26. minuturako kanpokoek buelta eman diote neurketari (10-11) eta distantziak handitu dituzte geroxeago (10-14 atsedenaldian).
Bigarren zatian, etxeko taldeak aldaketak egin ditu eta ondo atera zaio hasiera batean, 16-14 aurreratu baita markagailuan. Egingo zuen azken puntua izan da, kanpokoek entsegua eta transformazioa sinatu baitute 16-21 ipintzeko.
Igoera fasea
Ohorezko Mailara igotzeko fasean daude beste talde euskaldun batzuk, zehatz-mehatz final-laurdenetan. Larunbatean, Gernikak iragarpenak bete zituen eta etxean Fenix Zaragozari gailendu zitzaion (20-8). Emaitza honi esker, bizkaitarrek finalerdiak jokatuko dituzte, etxean, Pozuelo talde madrildarraren aurka.
Bestalde, Hernanik sorpresa eman du igande honetan, CAU Valenciaren etxean emaitza estu batekin irabazi baitu (23-25) –azken minutuetan lortutako entsegu bati esker–. Gipuzkoarrek La Vila aurkari zailari bisita egingo diote datorren asteburuan.
Emakumezkoen Ohorezko Mailan, Eibarrek porrot handi batekin hasi du bigarren fasea. Izan ere, 26-55 galdu baitu, Unben, Complutense Cisneros taldearen aurka. Ez da aurkari bereziki ona armaginentzat, lehen itzulian madrildarrek garaipena lortu baitzuten baita ere (41-24). Guztira, 96 puntu sartu dizikiote Eibarri bi patidetan.