Lan-istripuen eta prekarietatearen salaketa Confebasken ateraino eraman du Sortuk
Confebask patronalaren egoitzaren atarian eginiko ekimen ikusgarri baten bitartez Sortuk salatu du dagoeneko 18 direla aurten Euskal Herrian lan-istripuz zendutako langileak. Lakuari «beste alde batera begiratzea» egotzi diote, «kapitalari alfonbra gorria» jartzen dion bitartean.
Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta Maiatzaren Lehenaren atarian, prekarietatearen eta haren adierazpen gordinenaren salaketa Confebask patronalaren egoitzaren aurrera eraman du Sortuk, Bilboko Kale Nagusian.
Maiatzaren 1an 11:00etan Zabalburu plazatik LAB sindikatuak deitutako mobilizaziora joatera deitzen dizuegu
— Sortu Bilbo (@SortuBilbo) April 28, 2021
Gora langileon borroka! pic.twitter.com/2JigFKdHaA
Errepide gainean etzanda, hamazortzi lagunek aurten Euskal Herrian laneko istripuetan zendutako beharginak irudikatu dituzte –Ertzaintza berehala gerturatu eta bertatik banan-banan mugitu ditu protestan ari zirenak–. Iazko otsailean Zaldibarko zabortegian luizia gertatu zenetik Joaquin Beltran desagertuta dagoela ere gogorarazi dute.
Ondoan beste pankarta bat ere ireki dute, honako leloarekin: «Confebask-Cebek. Ahalik eta etekinik handiena lortu nahian gure bizitza, osasuna eta lan eskubideen gainetik. Antolatu, borrokatu, gora langileon borroka!».
Pandemia dela-eta, osasuna babesteko herritarrei neurri zorrotzak ezarri zaizkien bitartean, langileen ongizatea zaintzeko halakorik egiten ez dela gaitzetsi dute.
Langileak babestu beharrean «kapitalari alfonbra gorria» jartzea egotzi diete adminsitrazioei.
«Borroka soziala eta sindikala areagotzeko unea» dela nabarmenduta, Maiatzaren Lehenean LAB sindikatuak deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin dute Bilbotik.