INFO

Juana Ruizen askatasuna eskatu dute ostegun honetan Bilbo, Donostia eta Iruñean

Bilbon, Donostian eta Iruñean elkarretaratzeak egin dituzte ostegun honetan, Health Work Committees (HWC) erakunde humanitarioko langile den Juana Ruizen atxiloketa salatzeko. Bi aste baino gehiago daramatza inkomunikatuta, Israelgo Armadaren eskuetan.

ELAk, LABek eta Nafarroako Osasun Plataformak «Juana Sanchez Askatu» lelopean elkarretaratu dira, Nafarroako Ospitalaren aurrean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Hamazazpi egun bete dira Juana Ruiz Sanchez, duela 35 urtetik Palestinan bizi den espainiar herritarra, apirilaren 13an Zisjordaniako Beith Sahur herrian atxilotu zutenetik, Belen hiritik gertu. Bere berehalako askatasuna aldarrikatzeko asmoz hainbat elkarretatze egin dituzte ostegun honetan Bilbo, Donostia eta Iruñean.

Bilboko Areatzan, 18.30ean, dozenaka elkarte eta gizarte eragile elkartu dira Ruizekin elkartasuna adierazteko. Donostian, aldiz, Ruizen atxiloketa Pio XII Plazan salatu dute. Ostiral honetan Gasteizen egingo dute beste bat, Andra Mari Zuri plazan.

Juana Ruiz, Juani Rishmawi ezizenez ezagunagoa Palestinarekiko elkartasun zirkuluetan, atxilotu zuten gau horretan, armatutako 20 soldadu israeldar baino gehiago agertu ziren bere etxean, eta, ordutik, galdeketa luze bati aurre egin behar izan dio, oraindik maiatzaren 2ra arte luzatuko dena, epaileak hala erabakita.

Epaileak oraindik gehiago luzatzea erabakitzen ez badu, elkarretaratzean parte hartu duten eragileek uste dute Ruizek 19 egun beteko dituela espetxeratuta, kargu zehatzik gabe.

Ildo horretan, gogoratu dute, aldez aurretik, 2021eko martxoaren 8ko goizaldean, hain zuzen, Israelgo armada Health Work Committees (HWC), Ruizek lan egiten duen osasun-erakundearen egoitza naguasian azaldu zela, Al Bireh hirian, eta Tayseer Abu Sharbak Kontabilitate Saileko arduraduna eta Saeed Abbad, duela 2 urte arte Kontabilitate Saileko arduraduna izan zena, atxilotu zituztela.

Atxiloketa horien ondorioz, uste dute «Israelek delituren bat frogatu nahi duela Osasun Komiteetan proiektu humanitarioak garatzeko jasotzen dituzten Europako lankidetza-funtsekin lotuta», eta akusazioa horietan Ruiz lotura frogatu nahi dutela.

Bi elkarretaratze Iruñean

Arratsaldean, 20.30ean, Iruñea ere gehitu da eta Juana Ruiz askatasuna eskatzeko deialdiei. Gaztelu Plazan egin dute mobilizazioa, eta Internazionalistak Auzolanean, Askapena, ELA, LAB, Alternatiba Nafarroa, Nafarroako osasun platafoma eta beste talde zenbait batu dira protestara.

Iruñean ere, 14.00etan, Juana Ruizen aldeko beste elkarretaratze bat egin dute, Nafarroako Ospitalaren aurrean.

Katalunian eta Estatu espainoleko beste hainbat herritan kontzentrazioak egin dira ere arratsaldeko zazpietatik aurrera, Ruiz Israelgo Estatuari askatzeko eskatzeko.