Ospitale bat kondenatuta, sexu erasoa salatu zuen nerabe batek bere buruaz beste egin ostean
Nantesko Saint-Jacques ospitaleak 128.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio psikiatria plantan zegoela sexu-erasoak salatu eta gero bere buruaz beste egin zuen adingabearen familiari. Epaiak dio zentro honek egindako hutsegiteek «eragin zuzena» izan zutela 15 urteko neskaren heriotzean.
Justizia frantsesak 128.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du Nantesko Saint-Jacques unibertsitate-ospitalea. 2014. urtean bere buruaz beste egin zuen nerabe baten familiari eman beharko dio dirua. Nerabeak sexu-erasoak salatu eta bi egunetara egin zuen bere buruaz beste, psikiatrian ospitaleratuta zegoela.
«Saint-Jacques ospitaleak egindako hutsegiteek eragin zuzena izan zuten gaztearen heriotzaren jatorrian», eta ospitalea «kondenatu egin behar da heriotza horren ondoriozko kalte guztiak ordaintzera», irakur daiteke asteazkeneko data duen administrazio-auzitegiaren epaian.
15 urteko neska 2014ko uztailean ospitaleratu zuten Saint-Jacquesen, elikadura-nahasteak zituelako. Ospitaleratu aurretik birritan saiatu zen bere buruaz beste egiten.
2014ko abenduan bere buruaz beste egin zuen, ospitalearen pareko parkean jasandako sexu-eraso baten salaketa aurkeztu eta bi egunera.
AFPk zabaldutako epaiak ondorioztatzen duenez, salaketak ez zuen jarraipenik izan, sexu-erasoen egilea identifikatzea «ezinezkoa» zelako.
Administrazio-auzotegiak ebatzi zuen ez zegokiola ospitaleari neska ikuskatzea parkera ateratzen zenean; alta, handik bi egunera ospitaleko gelan egin zuen bere buruaz beste gazteak, eta kasu horretan epaiak ebazten du Saint-Jacques ospitaleak «huts egin zuela» nerabearen zainketan.
Familiak 325.000 euroko kalte-ordaina eskatzen zuen.