INFO

Pilotak Lehendakaritzaren aurka, gazteen egoeraren aurrean «arduraz» joka dezala exijitzeko

Gazteak larrialdi egoeran daudela salatuko du Ernaik Hego Euskal Herriko hiriburuetan gaur arratsaldean antolatu dituen mobilizazioetan. Horren atarian, beren aldarrikapenak pilotetan idatzi eta Lehendakaritzara helarazi zituzten, gazteen egoeraren aurrean «arduraz» joka dezaten exijitzeko.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Ernaik deituta, mobilizazioak egingo dira arratsalde honetan (18.00) Donostian (Bulebarrean), Iruñean (San Frantzisko plazan), Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plazan) eta Bilbon (Jesusen Bihotza plazan), gazteak larrialdi egoeran daudela ohartarazteko.

Protesta horien atarian, Lehendakaritzaren egoitzan ekimena burutu zuten atzo Ernaiko kideek. Hala, gazteen aldarrikapenak tenis pilotetan idatzi eta egoitzako hesien gainetik Lehendakaritzara helarazi zituzten, partida bat bailitzan.

«Larrialdi egoeran gaude. Ez lanik, ez emantzipatzeko eskubiderik, ez ikasketak modu duin eta doakoan egiteko aukerarik ere ez. Eta gainera psikologikoki hondoratuak. Espektatibarik gabe bizi garen belaunaldia da gurea, 2008ko krisiaren ondorengoak. Murrizketak, kaleratzeak eta prekarietatea besterik bizi ez dugunak. Etorkizun oparoa izango genuela esan digute behin eta berriz. Buklean errepikatu digute nazkatzeraino, inozoak bagina bezala. Gezurra. Etorkizuna beltza dugu gazteok. Geroz eta okerrago gaude. Eta ezin dugu egoera hau gehiago jasan. Ez gaude jasateko prest!», ohartazi zuten ohar batean.

Ekimen horren bidez, EAJ-PSEren Gobernuari «gazte langileok bizi dugun egoeraren aurrean arduraz jokatu dezaten» exijitu nahi izan diote. «Pandemia hasi zenetik gazteak kriminalizatzean tematuta ibili diren agintariei argi esan nahi diegu: Gazte bizitzak kapitalaren gainetik jarri arte ez dugu etsiko».