Covid-19 luzea kirolaren bitartez ere tratatzen hasi dira Baionako Ospitalean
Covid-19arekin gaixotzen diren pertsonen %10ak sintomak pairatzen ditu ondoren. Eragin fisiologikoak atzematea zaila bada ere, gaixoen bizitza mugatzen du. Covid-19 luzea bezala ezagutzen dena tratatzeko Osasun Kirol Etxea baliatzen hasi dira Baionako Ospitalean, tratamendu orokor baten baitan.
Covid-19a eritasun berria izanik, dituen ondorioak orain ari dira ezagutzera ematen: pazienteen %10ak hurrengo hiru hilabeteetan sintomak izaten ditu, hilabete bat baino gehiago luzatzen bada covid-19 luzetzat hartzen da, eta batzuetan kronifikatu ere egiten direla azaldu dute gaur Baionako Ospitalean programa berria aurkezteko prentsaurrekoa eman duten mediku eta arduradunek.
Uzten dituen sintomak askotarikoak dira eta bere larritasuna ere aldatzen da, Philippe Nguyen medikuak 50 sintoma ezberdin badirela azaldu du: unadura, aztoramena, kontzentratzeko zailtasuna, memoria galtzea, bertigoak, estula, hatsanka, min torazikoa… Paziente askok mota ezberdinetako tratamenduak behar dituztela ikusirik, Baionako Ospitaleak Osasun Kirol Etxea baliatzea deliberatu du, terapia global baten baitan.
Ospitaleko Osasun Kirol Etxera sartzean, eriak bizikleta egiten ikustean gimnasio batekin ezberdintasun handirik ez dagoela pentsa daiteke, baina hobeto begiratuta, pazienteak zaintzen dituzten zuriz jantzitako osasun langileak ikusten dira, eta beraiekin hitz eginda, horren atzean dagoen jarraipena agerian gelditzen da, izan ere errezeta behar da bertan aritzeko. Apirila erdialdean abiatu zen lehen programa lehen taldearekin, laster bigarrena izanen da eta desmartxa hori Ipar Euskal Herri guztian, eta ondoan dagoen Aturri inguruan hedatu nahi dute.
Sendabide globala eskaintzen zaie covid-19 luzea daukaten pertsonei, eta kirolarena parte bat besterik ez da. Tratamendu psikologiko, kognitibo, nutritibo, neurologikoek… bat egiten dute kirolaren bitartez egiten den berrezte fisikoarekin. Beste onura garrantzitsu bat ere badu paziente hauengan, beraien gaixotasunaren errekonozimendua, aldi berean egoera berean dauden beste pertsonekin esperientziak partekatu ahal izatea ere garrantzitsua da.
#COVID19-a izan duten pertsonen %10ak eraginak pairatzen ditu ondoren.
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) May 10, 2021
Covid luzea deiturikoa duten pertsonen sintomak sendatu edo arintzeko Baionako Ospitalean dagoen Kirol Osasun Etxean hasi dira tratamendua eskaintzen. @CHCoteBasque @naiz_info pic.twitter.com/xLdzaYBunr
Nguyenek, eritasun berria izanik, dagoen ezezagutza nabarmendu du. Hasieran bereziki, ondorioak gaixotasunak sortutako neke fisiko eta mentalaren ondorio besterik ez zela uste zuten medikuek, izan ere frogak egitean gehienetan sintomak ez dira agertzen, baina pazienteek pairatzen dituzte. Hori pixkanaka aldatzen ari bada, oraindik zentzu horretan bide anitz egiteko badela azpimarratu du, eta paziente izatearen errekonozimendu eza eramateko beste karga bat bezala bizi dela jakinarazi du.
Aldi berean, sintomak askotarikoak direnez tratamendua sintoma guztiei egokitu beharra dago, espezialista ezberdinen elkarlana eskatzen duena.
Pazienteak
Astean bi aldiz joaten dira Françoise eta Sandrine beraien saioa egitera, eta bertaratzeak dauzkan onura ezberdinak aipatu dituzte. Azkenak «eri bezala errekonozitua izateaz gain, on egiten du ere beste pertsonekin partekatu ahal izatea» baieztatu du. Covida-19a urrian ez zuen indar handiarekin pairatu, baina ondorioak aldiz bai, Osasun Kirol Etxean tratatzen ari den neke handiarekin batera, arazo neurologikoak ere badituelako, atentzio zailtasuna eta memoria galtzea. Tratamendua noiz hasi zuen galdetuta, ez zela oroitzen erantzun du penatuta.
Françoisek «taldean egotea garrantzitsua da, baina paraleloki medikuen jarraipena izatea bereziki, gainera gertatzen ari zaidana ulertzeko aukera ere bada». Unaduraz gain digestio aparatuan arazoak ere izaten ari da, eta nutrizionista batekin ari da tratatzen. Gustua eta usaimena ere galdu ditu, eta horren errekuperatzeko bere baitarik olio esentzialekin lanean ari da «nire gorputza berrezten ari naiz» nabarmendu du. «Bakoitza ezberdina da, eta bere baitan landu behar du. Ni barne lan pertsonal handia egiten ari naiz» baieztatu du.
Covid-19 luzearen beste ezaugarri bat sintomen intentsitatearen aldaketa da. Hala baieztatu du Osasun Kirol Etxean lan egiten duen Jade Pervier mediku-kirol hezitzaileak. «Programa etengabe egokitzen dugu, saioari nola erantzuten dioten kontutan hartzen dugu, baina bereziki aurrekoak nola eragin dion ikusi behar da». Bertara heltzen direnean bizi-konstanteak neurtzen dira, hiru minutuko beroketa egin eta gero, behin bizikleta gainera igota, telemetrikoki bihotz frekuentzia aztertzen da, eta horren arabera egokitzen da. Bukatzean hamar minutuz luzatze-ariketak egiten dituzte, eta berriz ere bizi-konstanteak hartzen dizkiete pazienteei.
Osasun Kirol Etxea
Kirolak osasunean, bai sendatzeko bai prebentziorako, duen onura kontuan izanik, Osasun Kirol Etxeak Akitania Berriko Osasun Agentziaren laguntza jasotzen du, eta geroz eta mediku eta elkarte gehiagok parte hartzen dute bertan. 2015ean sortu zenetik 1.500 paziente pasa dira bertatik.
Osasun Jarduera Transbersalaren Unitatean (UTAS frantsesez) da tratamendu mota ezberdinak behar dituzten pertsonen jarraipena egiten da. Egoerak ahalbidetzen badu Osasun Kirol Etxera bideratuak dira, eta aukera bada, azken urratsa ohiko kirol elkarte batean parte hartzea da.
Hastapenean 100 medikuk eta 7 elkartek parte hartzen bazuten bertan, orain 300 sendagile eta 100 elkarte dira ibilbidea segurtatzen dutenak. Izan ere osasun mugen arabera aldatzen bada ere, bertatik pasatzen diren %85ak horrela egiten duela nabarmendu du Nicolas Guillet, programaren buruak, honek duen arrakasta agerian emanez horrela.