INFO

Hasi eta buka, zenbakiek argi erakusten dute Elezkano eta Zabaletaren nagusitasuna

Garaipen gehien lortu duen bikotea, tanto gehien egin dituena, gutxien jaso dituena... Binakako Txapelketak utzi dituen datuei egindako errrepasoak argi erakusten du Aspeko bikotea jaun eta jabe izan dela aurtengoan.

Elezkano eta Zabaletaren arteko besarkada, finala amaitu berritan (Aritz LOIOLA / FOKU)

Txapela janztea lortzen badu, gutxi axola dio pilotari bati –edo bikote bati, kasu honetan– txapelketan izan duen ibilbideak. Ibilbide hori, batez ere Binakakoa bezain lehiaketa luze batean, gora-beheratsua izan daiteke batzuetan, une gozoagoak eta zailagoak igaroz, baina Elezkanok eta Zabaletak aurtengoan hasieratik bukaerara arte erakutsi dute sekulako nagusitasuna. Zenbaki batzuk aztertzea nahikoa da horretaz jabetzeko.

Partida gehien irabazi (14)

Lehen datua horixe da. Elezkano eta Zabaleta dira aurtengo txapelketan partida gehien irabazi dituen bikotea: 14. Peñak eta Albisuk 12 garaipen izan dituzte eta Altuna-Mariezkurrenak 11. Pentsa liteke logikoena dela, baina ez da beti horrela izaten. Iaz, adibidez, Ezkurdia-Martija txapeldunek 12 irabazi zituzten eta finalean sartu ez ziren Jaka-Zabaletak 13, partida bat gutxiago jokatuta. Are gehiago, Olaizola II-Urrutikoetxea finalean sartu ziren 9 bakarrik irabazita. Beste urte batzuetan ere gertatu dira antzekoak.

Tanto gehien egin (375)

Aurrekoarekin lotuta, bikote txapelduna izan da lehiaketan tanto gehien egin duen bikotea: 375. Ibilbide antzekoa izan duten beste bi bikoteekin alderaketan aldea ez da agian horrenbestekoa: Peñak eta Albisuk 346 egin dituzte eta Altuna-Mariezkurrenak 343. Benetako aldea aurkariek egin dizkieten tantoetan dago. Elezkanori eta Zabaletari 234 tanto bakarrik egin dizkiete eta, beraz, egindakoen eta jasotakoen artean aldea nabarmena da: 141. Horren txapelketa ona egin duten Peña eta Albisuri 312 egin dizkiete (+34), eta Altuna-Mariezkurrenari 321 (+22).

Garaipen argiena ez, baina...

Orokorra izan den nagusitasunak markagailu eta partida jakinetan ere izan du bere isla. Txapelketa guztiko markagailu deigarriena ez dute txapeldunek sinatu, Olaizola-Rezustak baizik: 2-22 Jaka-martijari 5. jardunaldian Bilbon. Baina txapeldunek bi aldiz utzi dituzte hiruan aurkariak: 3-22 lehen jardunaldian Irunen Ezkurdia eta Galartzaren aurka eta 22-3 hamaikagarrenean Mungian Artola-Arangurenen kontra. Eta une erabakigarria iritsitakoan ere aldeak oso nabarmenak izan dira. Txapelketako azken bost neurketetatik lau irabazi dituzte honako emaitzekin: 7-22, 22-7, 22-8 eta 22-7.

Badira jarraian gehiago irabaziak

Esperotako datuetatik apur bat aldentzen den zenbaki bat aipatzearren, kuriosoa da Elezkano eta Zabaleta ez direla izan jarraian neurketa gehien irabazi duen bikotea. Txapeldunek gehienez lau garaipen kateatu dituzte; Peña-Albisu (bi ligaxkak batuta) eta Altuna-Mariezkurrena (lehen ligaxkan), aldiz, bosna norgehiagoka elkarren segidan irabazteko gai izan dira.

Aspe berriz ere aurretik

Eta, azkenik, enpresen arteko zenbakiei begiratuta, Aspe berriz ere irabazle irten da: hamaikagarren txapela jarraian Eibarrekoentzat eta aurtengo Binakakoan bi enpresetako ordezkarien artean jokatutako 37 partidetan 23 garaipen Asperentzat eta 14 baikorentzat, 9 gehiago. Asegarce/Baikoren azken txapela Oinatz Bengoetxeak 2017ko maiatzean irabazitakoa da.