INFO

Larunbatean zendu zen Mixel Berhokoirigoinen lana laudatu dute Ipar Euskal Herriko eragileek

Mixel Berhokoirigoin bakegilea, ELB sindikatuko eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarako sortzaileetako bat izan zena, larunbatean zendu zen, eta geroztik egindako lana azpimarratzen eta laudatzen duten mezuak zabaltzen jarraitzen dute.

Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko bake prozesuaren alde engaiatu zen. (BOB EDME)

Larunbatean zendu zen Mixel Berhokoirigoinek egindako lana eta Euskal Herriaren alde eramandako borrokak nabarmenduz eta gogoan atxikiz hainbat erakundetako ordezkariek mezuak zabaltzen jarraitzen dute. Euskal Herriko bake prozesuan lan garrantzitsua egin zuen, euskararen alde borrokatu zen, eta bereziki nekazaritza munduari loturik ELB sindikatuko eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarako sorreretan parte hartu zuen. Bere ekarpen anitzak direla eta eremu oso ezberdinetatik laudatu dute egindako lana.

Larunbatean eragile politiko eta sozialengandik jaso zituen gorazarre mezuen ondoren, Bake Bidea eta Bakegileek, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, ELB sindikatuak, Bizi! mugimenduak, Europe Ecologie-Les Verts alderdiak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Defentsarako Komiteak eta hautetsi eta eragile sozialek pertsonalki mezuak igorri dituzte.

Bake Bideak eta Bakegileek egindako lanarengatik eskertu dute: «Emozio handia utziz joan zaigu, baita bide bat ere, bakearena, bukaera arte segituko duguna». Jendartean erabat inplikatua zegoen gizona eta elkarbizitzarako lanean aritua izan zela nabarmendu dute. Larunbatean Ipar Euskal Herriko tontorretan ‘bakea eraiki, gatazkaren jatorria eta ondorioak konpondu’ lelopean egindako mobilizazioetan gogoan atxiki zuten, eta omenaldia eskaini zioten bertara hurbildu ziren milaka pertsonek.

Laborantza herrikoiaren alde

EHLGtik hamar urtez bertako presidente izan zenaz «laborantza herrikoi eta iraunkorraren iparrorratza zehazten, ulergarri egiten lagundu» zuela nabarmendu dute. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak berak eta bere presidente ohiak Estatu frantsesesarengandik judizialki jasan zituzten erasoak ere gogoan izan dituzte, eta horri buruz gaineratu dute: «Historiak erakusten du eta erakutsiko du borroka zuzenak eta beharrezkoak zirela».

Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuak 50 urtez nekazarien alde borrokatu zela nabarmendu du. «ELBren sortzaileetakoa izan zen 1982an, eta geroztik borrokalari sutsua izan da egin ahala gizon eta emaztez osatu kalitatezko laborantzaz bezti dadin gure lurraldea» baieztatu du. Estatu mailako Confederation Paysanne sindikatuko sortzaileetako bat ere izan zela ere ekarri du gogora.

Hego Euskal Herriarekin izan zuen lotura ere aipatu dute: «Euskalduna eta zazpi probintzietako laborari eta bizitzaileen arteko loturen inportantziaz kontziente aspalditik, ELB eta EHNE sindikatuen arteko harremanak landu zituen beti». Horrengatik, eta «kolektiboki jokatzea lehentasuna zuen gizon argi eta gaitasun handikoari anitz zor diogu eta huts handia uzten du euskal laborantzan».

Idoki Etxe Ekoizleen Elkarteak ere adierazi du: «Anitz zor diogu eta pena handirekin dugu ikusten joaiten gaur gizon handi bat, laborantza modelo bat, zeinetan sinesten dugun, beti defendatu duena».

Laborantza eragileek familia ere izan dute gogoan, bai haien doluminetan, baina baita Berhoekoirigoinen lanari egin zion ekarpenengatik.

Bizi! mugimendu ekologista eta altermundialistak «Betidanik laborantza herrikoi, Euskal Herri Libre eta baketu baten alde ekinez, Michel, langile nekagaitza eta xumea, gizon baliosa, errotik bihotz onekoa eta denetaz hurbilerreza» zela esanik egin dio gorazarre.

Hasieratik mugimenduko bidaide izan zela ere gogorarazi dute: «gure militanteak formatuz, gure ekitaldien babesle izanez, 2013ko lehen Alternatibaren kasuan bezala, gure manifestaldietan parte hartuz, gure zonbait dokumento berriz irakurriz, Enplegu Klimatikoei buruzko ikerketa edo Euskal Herria Burujabe egitasmoa bezala, eta, etengabe gure sustatuz».

Ipar Euskal Herriko Europe Ecologie-Les Verts alderdiko Sophie Bussiere, Alice Leiciagueçahar eta Jean Lissarrek EHLGren, ELBren eta Confederation Paysanne sindikatuen sorreran izan zuen tokia nabarmendu dute.

Bakegilea

Alderdi ekologistako hautetsiek bakegile gisara egin zuen lana ere azpimarratu dute, Euskal Herriko bake prozesuan ekarri zuen «elkarrizketarako grina eta eite lasaia» goraipatuz.  

Euskal Herriko Giza Eskubideen Defentsarako Komiteak bakegile bezala egin zuen lana ekarri du gogora «itxaropenari begirako agintzaile eta bere denborari aitzinatua» zela esatearekin batera, bere «zolitasuna, pazientzia, kuraia eta ausardia» azpimarratu du. «Barkamenaren eta pizkundearen bidean heroien artean heroi» izan zela gaineratu du.

Pirineo Atlantikoak Departamentuko presidente Jean-Jacques Lasserrek bere zintzotasuna izan du gogoan, eta bere konbikzioak: «Akatsik gabeko altruismoa erakutsi zuen bere borroka guztietan. Bortizkeria modu guztien kontrako bere ukapen etengabea ere atxikitzen dut».

Euskararen alde

Igandean Herri Urratsen karietara erakunde eta joera politiko guztietako hautetsiak elkartu zituen prentsaurrekoan gogoan izan zuten hizlariek. Ikastolako guraso ere izan zela gogora ekarri zuten, eta bere lana «eredugarritzat» jo zuten.

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea eta EHLGko prozesu judizialean Berhokoirigoinen abokatua izan zenak beste eremuetan bezala euskararen aldeko borrokan egin zuena gogora ekarri du. Antton Curutcharry Euskararen Erakunde PUblikoko presidentea eta Euskal Elkargoko presidenteordeak eremu ezberdinetan «akuilu» izan zela nabarmendu du.

Peio Jorajuria Seaskako presidenteak zera adierazi du: «Ikastolako gurasoa, militante nekaezina eta bakegilea, berak emandako lekukoa hartu behar da orain». Koldo Tellituk, Euskal Herriko Ikastoletako Elkarteko presidenteak, Berhokoirigoinen «elkartasuna» azpimarratu du.