INFO

H&M eta COS enpresetako langileek desfilea egin dute Bilbon, iragarritako 56 kaleratzeen kontra

Maiatzaren 3tik greban dauden H&M eta COS enpresetako langileek desfile bat egin dute astelehen goizean Bilbon, zuzendaritzak Hego Euskal Herrian iragarritako 56 kaleratzeen kontra.

H&M eta COS enpresetako langileek Bilbon egindako desfilea. (Jon URBE/FOKU)

H&M eta COS enpresetako langileek desfile bat egin dute gaur goizean Bilboko Moyua plazan dagoen H&M zaharreko ateen eta Kale Nagusiko COS dendaren artean, maiatzaren 3an hasitako greba ikusarazteko.

Hego Euskal Herriko H&M eta COS enpresetako langileak greba mugagabean daude maiatzaren 3tik, euren lanpostuak eta lan baldintzak defendatzeko.

Joan den apirilaren 23an, zuzendaritzak kaleratze kolektiboen prozedura hasi zuen, eta maiatzaren 7an, lan baldintzen funtsezko aldaketa, Estatu espainiarrean 1.066 langile baino gehiagori eragingo diena, ELAk jakinarazi duenez. 

EAEn eta Nafarroan 56 langile daude kaleratzeko arriskuan. Enpresak 30 denda ixtea proposatu du, eta kaleratzeen ondorioz beste 94 denda kaltetuko lirateke, sindikatuaren esanetan.

Halaber, lan baldintzen funtsezko aldaketak, lanaldia jaistekoak, Estatuan guztira 24 dendatako 45 langileri eragingo die.

«Prozesu horiek kaleratzeak eta lanaldien aldaketak dakartzate berekin. Itxierei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan lantoki bat itxiko dela jakinarazi dute, Bizkaian dauden bulegoez gain. Baliabideak murrizteagatik kaleratze kolektiboen eraginpean dauden dendei dagokienez, EAEko 6 dendatan eta Nafarroan 2tan izango dute eragina, eta horien artean daude Bizkaiko denda guztiak. Lanaldia doitzeko eta lan baldintzen funtsezko aldaketek, halaber, Nafarroako denda bati eta Bizkaiko hiruri eragingo die», azaldu du ELAk.

ELAk negoziazio eremua Hego Euskal Herria izatea defendatu du, «horrelako prozesuetan izandako esperientziak erakusten digutelako negoziazio eremua zenbat eta zabalagoa eta urrunagoa izan, orduan eta zailtasun handiagoak daudela lantoki bakoitzaren errealitatera eta langileen beharretara egokitzen diren akordioak gauzatzeko».

H&M taldeak emandako datuen arabera, 21.988 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen 2019an, eta 1.270 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan zituen.