Teknologia berriak, kirol jarduera eta bizimodu osasungarria sustatzeko
Hiru ingeniari gaztek Wellk Software Solutions enpresa abiarazi berri dute. Horren barruan, aplikazio bat garatu dute, kirola egiteko pizgarriak eman eta kideak bilatzen laguntzen duena. Durangoko Ibaizabal ikastolako gimnasioan probatzen ari dira.
Kiroldegiko kuotak ordaindu bai baina ez erabiltzea oso ohikoa da. Bere azalean bizi izan du hori Aritz Guinea gazteak eta, bakarra ez zela jakitun, irtenbide bat bilatzea erabaki zuen. Euken Ertzilla eta Joseba Martinekin batera, Wellk Software Solutions sozietate mugatua eratu du eta elkarrekin sakelako telefonoetarako aplikazio bat garatu dute, kirol jarduera areagotu eta horren bidez bizitza osasungarriago bat sustatzeko lagungarria dena. Lehen prototipoaren proba pilotua Durangoko Ibaizabal ikastolako Kirol Errota gimnasioan egiten hasi dira apirilean eta hamabost hilabetez luzatuko dute.
Guinea kiroldegiko bazkidetzari probetxua nola atera pentsatzen hasi zen. Askotariko ideiak sortzen joan zitzaizkion, iaz bat aukeratu zuen arte. Graduko azken ikasturtean ekintzailetzari buruzko irakasgai bat zuen eta bertako bi irakaslek lagundu zioten asmoa apur bat garatzen. Ertzillarekin partekatu eta honek batzea erabaki zuen, baita Joseba Martinek ere. Hirurak arlo ezberdinetako ingeniariak dira: Guinea, biomedikuntzakoa; Ertzilla, industria eta produktu diseinukoa, eta Martin, informatika eta telekomunikazioetakoa. 23 urte besterik ez dute eta une aproposa iruditu zaie ekiteko, ez dutelako «horrenbeste» galtzeko eta, aldiz, asko ikasteko.
Etxealdia heltzean, doako entrenamendu pertsonalizatuak prestatu zituzten, erabiltzaileei trukean minbiziaren aurkako ikerketarako dirua emateko eskatuz. Uztailean, Mondragon Unibertsitateak antolatutako Enpresa Sortuz lehiaketa irabazi zuten eta horrek BIC Gipuzkoaren ateak zabaldu zizkien. Erakundeak Donostian duen egoitzan lanean dabiltza egun, proiektuaren bideragarritasuna eta negozio plana aztertzen.
App bat garatu dute, proiektu bakoitzera egokituko dutena. Batetik, erabiltzaileak egiten dituen jarduera fisikoak erregistra ditzake eta aplikazioak erronkak proposatuko dizkio kirol gehiago egin dezan; esaterako, hilabetean bizikletaz 100 kilometro egitea. Bestetik, kirola egiteko lagunak bilatzeko aukera ere ematen dio. «Ez badu norekin korrika egitera joan, egin nahi duten lagunak aurkitzeko aukera izango du». Gainera, burututako jarduerekin puntuak pilatuko ditu, tokian tokiko marketplace moduko batean trukatzeko.
Lehen prototipoa prest dute eta orain pilotuak egiten saiatzen ari dira, «identifikatu ditugun beharrak egokiak diren testatzeko eta proposamenak moldatzen joateko erabiltzaileen iruzkinen arabera». Hainbat herritan aukerak aztertzen ari dira, Guineak argitu duenez, «herri mailako kirol ekosistema bat eratu nahi dugu, kirola egiteko behar guztiak batzen dituena. Horrantz joan nahi dugu, ekosistema ahalik eta handiena sortzera».
Ikastolara «buelta»
Guinea eta Ertzilla Ibaizabal ikastolako ikasle ohiak direnez, badakite ez dela ikastetxe arrunta. Heziketa arautuaz eta ez arautuaz arduratzeaz gain, ostatua, aterpetxe soziala, taberna eta gimnasioa ditu. Azken hori da Kirol Errota, «kirolarekin eta honen sustapenarekin lotuta dagoen negozio lerro bat», laburbildu du Iker Gomez de Segura ikastolako zuzendariak. Honen irismena handitzeko xedez, lankidetza akordioa sinatu berri dute Wellk-ekin, kirolzaleen premiei erantzuteko IKT tresnak erabilita. Barne bilera batzuk egin ondoren, Aste Santutik bueltan abiarazi dute 2022ko ekaina arte luzatuko den proba.
Lau fasetan burutuko dute proba pilotu aitzindaria. Lehenik, diagnostikoa egingo dute, erabiltzaile potentzien lagin desberdinak hartuta lantaldetik, ikasleriatik, Durangoko herritarren artetik... Irudipena dute bertakoak izanda ere askok ez dakitela gimnasio hori badenik. Jarraian, AMIA –ahulgune, mehatxu, indargune eta aukera– identifikatuko dute eta horren araberako komunikazio plan bat egin, «jendeak ezagut dezan zertan ari garen. Giro familiarra, gertukoa, eskaintzen dugu, eta arnasgune bat ere bada euskara naturaltasunez erabil daitekeelako... Hau da, zenbait balioren inguruan egituratutako proiektua da, ez negozio hutsa», argitu du zuzendariak. Ondoren, 2021-2022 ikasturtean egin daitezkeen esku hartzeen plangintza osatu, eta irailean martxan jarriko dute. Dinamizatzeko Wellken aplikazioa baliatuko dute, egungo erabiltzaileen nahiz etorriko direnen esperientzia hobetzeko bidean. «Une bakoitzean jakingo dute gimnasioan zenbat lagun dauden, eta horrek covid testuinguruan are gehiago laguntzen du». Amaitzeko, ebaluazioa egingo dute; hau da, zer gorde eta zer egokitu behar duten.
Gomez de Seguraren esanetan, «berezko» sentitzen dute proiektua eta bat dator ikastetxearen balioekin: «Izpiritu kritikoa edo ekintzailetza gure ikasleen irteera profilarekin bat doazen kontuak dira». Oro har, egitasmoa oso lerrokatuta dago eta aitzindari izateak ere motibazio gehigarria eman die. Lanketa amaituta, appa mantentzeko asmoa dute, erabilgarria bada. «Edozein sare sozialek heltze denbora bat behar du».