INFO

Enpresetan euskara planak sustatzeko proposamena alderdiei aurkeztu diete

PSE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildurekin bildu dira Kontseilua, ELA eta LAB, euskara planak enpresetan sustatzeko proposamenarekin bat egin dezaten. Harrera ona egin diete alderdiek, sindikatuek eta Kontseiluak esan dutenez.

ELA, LAB eta Kontseiluko ordezkariak EAJko ordezkariekin. (ELA)

Kontseilua, ELA eta LABek 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak bultzatzearen aldeko Lanbidearteko Akordio proposamena aurkeztu diete PSE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bilduri.

Kontseiluak eta sindikatuek jakitera eman dutenez, maiatzaren 14tik 17ra egin dira batzarrak, eta zehazki Rebeka Ubera (EH Bildu), Aitor Aldasoro (EAJ), Irune Berasaluze (EAJ) eta Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos) legebiltzarkideekin eta Idoia Mendia bigarren lehendakariordearen (PSE) Gabinete Buru den Pau Blasirekin elkartu dira.

Bileretan, Kontseiluak, ELAk eta LABek azaroan jendarteratutako proposamena aurkeztu diete: hiru eragileen asmoa da Confebask patronalarekin Lanbidearteko Akordioa sinatzea 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara plan bat negoziatzeko konpromisoa berresteko.

Talde politikoei azaldu diete «norberaren eskakizun propioei uko egin gabe», aurkeztutako proposamenak «gutxienekoa» izan beharko lukeela lan-munduan aritzen diren eragile guztientzat.

Horrez gain, azpimarratu dute akordio horren bidez «euskararen gaia agendan sartzea» nahi dutela, hori protokoloetara eramanez, eta, ondorioz, «eskaera bakarra» dela «enpresetan horri buruz hitz egitea, Berdintasun Planekin gertatu den bezala».

Alderdi ezberdinei adierazi diete udazkenean negoziaketa formala hasteko asmoa dutela, eta «akordioaren aldeko giroa» sortu nahi dutela. Horregatik, Gasteizko Legebiltzarrean proposamenaren aldeko adierazpena egitea eskatu dietela jakinarazi dute.

«Alderdiek harrera ona egin diete proposamenari eta azaldutako adierazpena nola gauzatuko den eztabaidatzekotan geratu dira», agertu dute.

Alderdiekin eta CCOO sindikatuarekin egon ondoren, Kontseilua, ELA eta LABek aurkezpen errondarekin jarraituko dutela aurreratu dute; hain zuzen, UGT, Lan Sailarekin, Hizkuntza Politiketarako Sailburuordetzarekin eta Confebaskekin.