INFO

Giroa lehen atsedenaldira iritsi da maglia arrosa Egan Bernal kolonbiarrak daramala

Giroako lehen hamar etapak jokatuta, Egan Bernal (Ineos) txirrindulari kolonbiarrak darama maglia rosa. Bederatzigarren etapa irabazi zuen, bere lehenengoa itzuli handi batean, eta kolonbiarrak 14 segundoko aldea ateratzen dio bigarren sailkatu Remco Evenepoel flandiarrari (Quick Step). 


Atsedenaldi jardunaldia da gaur Giroan. Hamar etapa jokatuta, praktikoki bere erdigunera iritsi da Italiako itzuli handia. Egan Bernal (Ineos) da sailkapen nagusiko liderra, bigarren sailkatua den Evenepoeli (Quick Step) 14 segundo ateratzen dizkiola. Kolonbiarrak bederatzigarren etapa irabazita jantzi zuen maglia rosa. 

Euskal txirrindularien lanari dagokionez, momentuz ez da arrakastatsua izaten ari. Mikel Landak (Bahrain) eroriko larria izan zuen bosgarren etapan eta astelehen honetan bertan operatu zuten Gasteizen lepauztaia sendatzeko. Lepauztaiaz gain, bost saihets ere hautsi zituen arabarrak. Ikusteke dago ea iristen den Tokioko Joko Olinpikoetara. 

Sailkapen nagusiko lehen euskalduna Pello Bilbao (Bahrain) da. 21. postuan aurkitzen da gernikarra, lehen postutik 3 minutu eta 21 segundora. Are urrutiago aurkitzen dira Mikel Nieve (41), Castroviejo (44) eta Gorka Izagirre (47), liderrarengandik hogei minutu baino gehiagoko distantzian. 

Astearte honetako atseden egunaren ondoren, hamaikagarren etapa jokatuko da asteazkenean. Perugian hasi eta Montalcinon bukatuko da 162 kilometroko lasterketa. 

Giroko informazio gehiago eta honen xehetasunak NAIZeko webgune berezian aurkitu ditzakezue