INFO

Skolae programari babesa adierazi diote sindikatuek Iruñean

LAB, Steilas, CCOO, ELA, UGT, ESK eta CGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Justizia Jauregiaren inguruan, Skolae programari babesa adierazteko.

Skolae defendatzeko elkarretaratzea egin dute sindikatuek Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean LAB, Steilas, CCOO, ELA, UGT, ESK eta CGT sindikatuek, Skolae programari «babes osoa» adierazteko. Bertan irakurri duten agirian nabarmendu dutenez, Skolaek norberaren askatasuna lantzen du eta «sentitzeko moduan, bizitzeko moduan eta harremantzeko moduan ahalduntzen gaitu». Gainera, «pertsona guztion eskubide berdintasuna egia bihurtu dadin» lan egiten duen programa dela erantsi dute.

Sindikatu horiek diotenez, egungo egoerak «argi uzten digu jendarte heteropatriarkal eta androzentriko zaharkitu honek biolentziaren kultura bultzatzen duela eta, horrez gain, boterean oinarritutako harreman sistema zurrun eta estua bultzatzen duela». 

Horren aurrean, legeek «ezinbestekotzat» jotzen dute «ikastetxeetan berdintasunaren aldeko heziketa bultzatzea eta lantzea –aurre eginez desberdintasunari, genero-rolei, adierazpen sexistei–», eta «erakusten digute heziketak desagerraraziko dituela biolentzia, bazterkeria eta bereizkeria, datozen lekutik datozela».

Ildo horretan, Skolae «egoki doituta dago egungo lege markoan eta bizitzako lehen etapetatik ezartzen ditu ezagutzaren, askatasunaren eta etorkizuna generoak baldintzatu gabe erakitzeko gaitasunaren oinarriak».

Agirian diotenez, programa horren bidez haurrek «berdintasunean hazi eta harremanak izaten ikasiko dute, biolentziarik gabe eta bizitzarako aukera guztiak aintzat hartuta».

Horregatik, kezka adierazi dute Skolaek jaso dituen «eraso guztiekin» eta defendatzeko beharra ikusi dute.

«Zenbait atzerakoiren jarrera intoleranteen aurrean, hemen gauden sindikatuok bat eginda erantzunen dugu; ez dugu onartuko heziketaren, berdintasunaren edota justizia sozialaren kontrako erasorik», ohartarazi dute.