INFO

Imanol Alvarez baikor da Koparako baina zaila izango dela argi utzita

«Kopa oso berezia da guretzat, denon gustokoa da eta oroitzapen onak ditugu, baina Alhaurin de la Torren agerian utzi genuen lehen partidan kanpoan gelditzeko aukera era badugula», adierazi du Bera Berako entrenatzaileak ostiralean Telden hasiko den lehiaketara begira.

Imanol Alvarez, aurtengo denboraldian jokatutako partida batean. (Jon URBE / FOKU)

Super Amara Bera Bera prest da jada ostiraletik aurrera Telden (Kanariar Uharteak) jokatuko den Kopako azken faserako. Imanol Alvarez entrenatzaileak prentsaurrekoa eskaini du gaur eta ez du ezkutatu taldea une oso onean iristen dela lehiaketa honetara, Liga irabazi berritan, baina oso argi izanda akatsik txikiena ere garesti orain daitekeela, iazko ekitaldian gertatu bezala.

«Kopa oso berezia da guretzat, denon gustokoa da eta oroitzapen onak ditugu, baina Alhaurin de la Torren agerian utzi genuen lehen partidan kanpoan gelditzeko aukera era badugula. Orduan konturatzen zara talde honek egindakoaz, azkeneko zortzi finaletara iristeak zer nolako meritua duen», adierazi du Alvarezek.

Kasu honetan, aurreneko aurkaria Malaga izango dute donostiarrek final-laurdenetan, ostiralean 16.00etan (Euskal Herriko ordutegia). «Ez da erraza izango. Hiru titulu lortu ditu aurten, eta agian Ligan atzean gelditu da bestelako helburu horiek zituelako. Partida hauetan hazi egiten diren jokalariak dituzte, eta bi taldeontzat zaila izango da», aztertu du kanporaketa Bera Berako entrenatzaileak.

Liga irabazi duela kontuan izanda, eta nola irabazi duen gainera, hainbat jardunaldiren faltan, talde gipuzkoarra faborito izango da berriz ere kiniela gehienetan. Imanol Alvarezek ordea nahiago du horretaz ahaztu, ohituta dagoelako gainera horrela jokatzera: «Inoiz ez dut presio hori sentitu zentzu negatiboan, akaso erantzukizun aldetik urrats bat aurrera ematera eramaten gaitu».

Taldeak bihar goizean egingo ditu Covid probak, ondoren azken entrenamendua egingo du Donostian eta eguerdian bidaiatuko du Las Palmas aldera. Gaur, ordea, azken aurreko entrenamendua egin du, klubak bere sare sozialetan iragarri duen bezala.