INFO

Su motelean landu du garaipena Bera Berak eta Elxekin neurtuko ditu indarrak finalerdian

Zaila zirudien arren, Bera Berak Malaga kanporatzea lortu du bigarren zatian ondo landutako jokoari esker (31-28). 33. minutura arte atzetik joan dira donostiarrak eta hiru goleko aldea eduki badute ere, garaipena ez da itxi azken unera arte. Elx izango dute aurkari finalerdietan. 

Mariane Fernandes, bi arerioen aurrean, jaurtiketa prestatu nahian. (LOF)

Bera Berak iazko arantza kendu eta Kopako final laurdenetako kanporaketan aurrera egitea lortu du Malaga bezalako talde indartsu bat menderatuz. Andaluziarrek azken 9 hilabetetan hiru garaikur altxatu dituzte (iazko Kopa, Superkopa eta Challenge Cup) eta donostiarrek eduki zezaketen arerio zailena zen. 

Donostiarrak kasik uneoro atzetik joan dira markagailuan, 33. minutuan aurrea hartu duten arte. Ordutik, Malagak berdintzeko aukerak eduki dituen arren, berdinketa bakoitzaren ostean erreplika Bera Beraren iristen zen. Hala, hiru goleko aldea ere lortu dute gipuzkoarrek baina ezin izan dute garaipena itxi azken minutuetara arte. 

Azken txanpan, Alba Menendez zein Maitane Etxeberriaren lapurretak giltzarri izan dira berriro hiru goleko aldea jartzeko jada Malagaren erreakziorako berandu zenean.

Alta, Bera Berari gaurkoan egokitu zaio gogotik sufritzea. Lehen zatian bera izan baita hiru goleko diferentziarekin atzetik egon den taldea. Kostatu zaio partidan sartzea –lehen lau erasoak huts egin izana horren erakusle da– eta Malaga fin pistaratu da, Silvia Arderiusen magiarekin.

Lehen bost minututan ez du golik egin talde donostiarrak eta eskerrak, Malaga bera ere 0-2koan geratu den. Hala, behin atea ikusita, bata eta bestearen arteko erantzunak ikusi ahal izan dira, goi-mailako erritmo altuan eratutako jokoarekin. Hasiera batean bazirudien erritmoa altua Bera Beraren mesederako izango zela baina jokalari bat gutxiagorekin geratu eta 0-2ko partzial batekin (tartean 7 metroko jaurtiketa bat) hiru goleko abantaila lortu du Suso Gallardoren taldeak (7-10). 

Nolanahi ere, Bera Bera ez da partidatik atera. Goizegi zen neurketatik ateratzeko (20. minutua) eta Imanol Alvarezek eskatutako hutsartearen ondotik eta Mariane Fernandesen kemenari esker, hamaika goleko berdinketa ezarri du Bera Berak. 

Lehen zatiaren hondarrean aurretik jartzeko parada ere izan dute donostiarrek baina Cesareok ez du asmatu jaurtiketan, bai ordea Estela Doirok, gol bateko errentarekin atsedenaldira iristeko. Hala ere, Bera Beraren aulkian ez zegoen urduritasun sobera, guztia nolabaiteko lasaitasunarekin islatzen zuten eta hori da, hain zuzen ere, txapeldunen jarrera: konfiantza edukitzea zure lanean. Imanol Alvarez berak ere mezu horixe helarazi nahi izan du hutsarteetan –nahiz eta seguraski ez zaizkion gustatu 40. minuturako pilatu dituzten 13 akatsak– eta bigarren zatian lortu dute benetako Bera Bera izatea, edo behintzat benetako esentzia horretara hurbiltzea. 

Behin aurretik jarrita, geldiezina

Bigarren zatia hasi eta gutxira, 2-0eko partzialarekin behingoagatik aurretik jarri dira markagailuan eta dinamika horrek marraztu du garaipenerako bidea. Bera Bera behin aurretik jartzen denean, oso zaila delako geratzea. Eta behin aurretik jarri denean, erasoko akatsak ere asko murriztu direlako. 

Ez da erraza izan, Malagak neurketa ere berdindu baitu. Nola ez, pasa den edizioko txapeldunak izaki, errekurtso asko duen taldea da. Castellanosek zein Arderiusek behin baino gehiagotan saihestu dute Bera Beraren errenta areagotzea, neurketan bizirik jarraitzeko. 

Mariane Fernandesek erasoan erakutsi dituen errekurtsoen aurrean –kasik ezinezkoa da honen potentzia geldiaraztea–, baina, ezer gutxi egin ahal izan dute. Honen atzetik konfiantza berreskuratu duen Cavo edota Maitane Etxeberria ere agertu baitira, hala nola Cardoso bera (sei gol egin ditu brasildarrak, horietariko lau 7 metroko jaurtiketetan). Esther Arrojeria, une oro taldea gidatu duen jokalariak ere atea ikusi du amaierarako hamar minutu eskas geratzen zirela. 

Golek bere garrantzia duten moduan, ezin aipatu gabe geratu daiteke Alba Menendez zein Maitane Etxeberriaren argitasuna Malagaren erasoa baliogabe uzterako orduan. Bi hauen lapurretak giltzarri izan dira hiru goleko alde hori mantendu eta azken txanpan bestelako lasaitasun puntuarekin ixteko ondo landutako, su motelean sukaldatutako, garaipena. 

Mariane Fernandes izan da golegile nagusia Bera Beran 7 golekin –Silvia Arderiusek 8 egin ditu Malagan– eta partidako jokalaririk onena izendatua izan da. Pozik ikusten zaio jokalari brasildarrari. Bigarren denboraldia bete du Bera Beran eta jada atzean geratu dira 2019an Rocasaren aurka galdutako Superkoparen ostean begietatik jausi zitzaizkion negar malkoak. 

Nabarmentzekoa baita ere, beste behin, Renata Arrudaren partida, une erabakigarrienetan egin dituen geldituengatik. 

Arrojeria: «Gauzak itsusi jarri direnean ere ez dugu amore eman»

«Hasieratik bukaerara borrokatu behar izan dugu», adierazi du Esther Arrojeriak Malagaren aurka garaipena eskuratu berritan. Jakitun ziren neurketa gogorra izango zela –«Kopako lehen partidak beti dira gogorrak, are gehiago Malagaren aurka»– baina jokalari usurbildarrak balorean jarri nahi izan du taldeak partidari begirik kendu ez izana: «Borrokatzen jakin dugu, gauzak itsusi jarri direnean ere ez dugu amore eman». 

Era horretan, azaldu nahi izan du «partidan ondo ez sartzeak» harridura piztu duela taldean, azken neurketetan hasiera onak egin baitituzte. Atsedenaldian defentsa ajustatu eta hori izan da giltzarria bere ustetan.

Bestalde, Mariane Fernandes oso pozik agertu da eta baita finalerdia jokatzeko irrikan ere.